argia.eus
INPRIMATU
Urrutiko palmondoan hamalau, gerturatu eta hogeita hamabost
Xalba Ramirez @xalbaram 2021eko azaroaren 25

Euskal folklorea reggaera emana. Ideia sinple batean laburtzen da Reggaean jarrai lan kolektibo eta korala. Euskararen tradizioa ulertzeko era ireki eta bizia, fosiletik ezer ere ez duena.

Herri kantu tradizionalak, XIX. mendeko egileen sortak –Xenpelar, Bilintx, Iparragirre– eta 60ko eta 70eko hamarkadako euskal kantagintza berria –Iriondo, Lete, Laboa, Balentzia–. Hiru ildo horiek jamaikar oldie ikuspuntutik jorratuak: ska, rocksteady, skinhead reggae, roots pixka bat... Taldeek badakite, eta maite dute musika hori.

Eta, garrantzitsuena, hamalau musika talde batu direla 35 zigilu eta elkarterekin auzolanean lana kaleratzeko. Reggaeren maitaleak auzolana du maite.

Hemen dira –merezi du denak aipatzea– Errementarians & Sanfran Koriue, MG Banda, Skabidean, Steady Rockets, Trikoma Banda, Sound Riders, Skakeo, Tacumah, Siroko, Ama Rebel, Fermin Goñi & Agromondarrak, Jahgoikoa eta Reggaezaharra, Xiberoots eta Euskatalites. Ezagunagoak batzuk, kasik hemen baino topatuko ez ditugunak beste batzuk. Zazpi estudiotan grabatua, soinu ezberdinak proposatzen dira, estetikan bat egitea lortuz.

Kaskamutilek eta kaskaneskek erakusten dute, behin eta berriz, estereotipoen gainetik aberastasuna dela beren altxorra. Musika beltzaren lurrikara izan zen Jamaikatik, Euskal Herriaren iturriraino egiten dute salto, hainbat estilori arima bera gehituz.
Berritzeko era ugari daudelako. Baina denek elkarbanatzen dute bat: entzuten jakitea. Belarri, bihotz eta begiekin entzutea. Komunitateari itzultzen zaio zintzotasunean. Martxan jarri Sound Systemak, Euskal Herri tropikala ez dadin izan utopia.