Hasieran, hizkuntza bat baino ez zen. Agota Kristofek dio, Analfabetoa idazle liburuan. Objektuak, gauzak, sentimenduak, koloreak, ametsak, gutunak, liburuak, egunkariak hizkuntza horretan ziren, hungarieraz. Kontua da, hogeita bat urterekin, Suitzara iristen dela, frantsesez hitz egiten den hiri batera iritsi ere, eta zeharo arrotza zaion hizkuntza bati aurre egin behar diola. “Orduantxe hasten da hizkuntza hori menderatzeko nire borroka, bizi guztian mantenduko dudan borroka luze eta amorratua. Badira hogeita hamar urte pasa frantsesez hitz egiten dudala, badira hogei urte frantsesez idazten dudala, baina oraindik ere ez dut ondo menderatzen”. Horregatik esaten zuen hizkuntza frantsesa ere hizkuntza etsai bat dela. Baina bada beste arrazoi bat, eta larriena da, gainera: “hizkuntza hori nire ama-hizkuntza hiltzen ari da”.
Kontua da, hogeita bost urterekin, neroni ere nirea ez zen leku batera iritsi nintzela, eta zeharo ez baina pixka batean arrotza zitzaidan hizkuntza bati aurre egin behar izan niola, ondotxo ezagutzen nuen beste hizkuntza baten laguntzarekin. Kristofek baino abiapuntu hobea, beraz. Denborarekin, gainera, gutxi-asko ezagutzen ditudan hizkuntza horiek ez dira etsaitu, baina joan dira egiten beren lekua, bultzatzen ondokoa, kokatzen hala-hola. Eta katalana bilakatu bada etxeko hizkuntza, gaztelania eta frantsesa kulturakoak, euskara bilakatu da nire hizkuntza literarioa. Irakurri egiten dut –euskaratutako literatura, bikaina–, baina batez ere idatzi –nahiz, panorama ikusita, gogoa ematen duen beste hizkuntza batean hasteko–. Paradoxikoa ere bada, literaturarik apenas izan duen hizkuntza bat, hizkuntza literario bilakatzea. Etxetik kanpo ia, beraz, kulturatik aparte antzean, hizkuntza literario izatera mugatu da niretzat euskara. Ematen du gauza gutxi dela, baina literatura bizi duenarentzat, sinetsidazue, ematen duena baino puskaz gehiago da.