Brasilen, 11.000 urteko giza arrastoak aurkitu zituzten eremu batean lantegia eraikitzen ari da Heineken multinazional herbeheretarra, agintariek baimena eman eta gero, hango balio arkeologikoa kontuan eduki gabe. Eztabaida pil-pilean dago.
1974an, Brasilgo Lapa Vermelhan, duela 11.000 urteko emakume baten arrastoak aurkitu zituzten. Amerikako giza arrastorik zaharrenak ziren, eta kontinenteko populatzeari buruzko teoriak irauli zituen.
Orain, Heineken enpresa herbeheretarra fabrika bat eraikitzen ari da eremu horretan. Berriki agerian geratu da, garagardo ekoizleari baimenak emateko orduan, Brasilgo erakundeek ez zutela kontuan hartu hango balio arkeologikoa.
Une honetan obrak geldirik daude, eta eztabaida, aldiz, pil-pilean: fabrikak 350 lanpostu zuzen sortuko ditu, inguruan eragin ekonomiko nabarmena izango du, baina oraindik oso gutxi ikertua dagoen aztarnategi garrantzitsua arriskuan jartzen du.