Lan merkatuaren eta pentsio sistemaren erreformak elkarlotzea logikoa da enpleguan oinarritzen den sistema publikoa dugun heinean. Batera egitea beharrezkoa da gainera, gaurko egoeraren atzean lan merkatuaren errealitatea dagoelako bereziki. Eta hirugarrenik, pentsio duinak ziurtatzea bada helburua, aproposa da kotizazioez hitz egitea.
Hiru gauzak Espainiako Estatuko ezkerreko gobernuaren eskutik badatoz, hauek 2008ko krisian gauzak goitik behera aldatzea masiboki eskatzen zutenekin batera gobernatzen dutenez, eta ezker soberanistekin akordioak egiteko gai direla erakutsi dutenez, ez litzateke gehiegizkoa pentsatzea badagoela aukerarik erreforma neoliberalen soka luzea apurtzeko. Halakorik ez oraingoz.
Kapitalak ezarritako eztabaida-markotik abiatu eta hor bukatu dira diagnostikoak eta neurriak: sistema publikoaren bideragarritasuna auzitan jarri eta lan merkatua aldatu gabe finantziazio iturriak hobetzeko saiakera antzuak egin, dagoena ahal den moduan mantentzeko helburuz. Eta nola ez, krisi demografikoa da edozein murrizketa justifikatzeko arrazoia.
80ko hamarkadan abiatutako erreformak etetea erabaki ezean, gaur txarra eta etzi okerragoa den bidea elikatzen da.
Ez da pentsio zein lan merkatuaren sistemen egiturazko akatsez eztabaidarik izan –besteak beste, enplegua bada eskubide iturri, bazterketa iturri da emakumeentzat betidanik, belaunaldi berrientzat aspalditik, etorkinentzat betirako...–. Ez da egin apusturik eskubide sozialak aurrekontu neoliberalen pean utzi dituen erreformak deuseztatzeko. Ezta benetako alternatibei instituzioen ateak irekiko dizkien erabaki politikorik hartu ere.
80ko hamarkadan abiatutako erreformak etetea erabaki ezean, gaur txarra eta etzi okerragoa den bidea elikatzen da. Politika, txarra eta okerragoaren artean erabakitzen jakitea dela esan zidan behin instituzioetan eskarmentu handia zuen batek. Eskuindar amorratua den gizon nagusi orojakintsuari ez nion erantzun. Zertarako? Politika pertsonen bizitzak aldatzeko erabakiak hartzeko bidea dela esaten duten politikariei erantzutea derrigorrezkoa iruditzen zait ordea.