argia.eus
INPRIMATU
Amodioa gorrotoaren erdian
Xabier Etxaniz Erle 2021eko azaroaren 25a
Antipodak | Gaizka Arostegi | Ibaizabal, 2021.

Donostia. 80ko hamarkada: berunezko urteak”. Horixe irakur dezake estilo arinean eta bizian idatzitako nobela honetan murgiltzen den irakurleak Jon eta Olivaren arteko amodiozko istorioa ezagutu aurretik. Eta bai, 80ko hamarkadan dago girotuta Gaizka Arostegiren nobela hau, eta bai, berunezko urteak dira. Nobelaren hogei kapituluetatik lehenengoan bertan ikus dezakegu indarkeria giroa; nobelako protagonista kalean doa iluntzean, astiro-astiro barrikada batera hurbiltzen ari diren bi kotxe nabaritzen ditu; guardia zibilaren kotxeak dira eta, halako batean, zoko batetik gazte batek molotov koktel bat jaurtiki die guardiei. Haietako bat sutan larriki zauritu da.

Jonek korrika ihes egiten du gertakarien lekutik, eta hor hasten den korrikaldiak nobela guztian iraungo du, etenik gabe gertatzen baitira pasadizoak, enkontruak, borrokak, haserreak… izan ere, gau horretan bertan, institutuan ezagutu zuen neska batekin egiten du topo, hura ere egoerak bultzatuta ihesi doa, nahiz eta honen kasuan bera zihoan autobusa gazte batzuek erre dutelako izan. Eta horrela, Jon eta Oliva, egoerak bultzatuta, elkarrekin doaz. Gau horretako txinpartek, suek, edo delakoek, gazteen arteko maitasuna hauspotzen dute eta amodio ezinezkoari hasiera eman.

Jon eta Oliva gure Romeo eta Julieta lirateke. Amodio ezina, ezinezkoa; Jonen aita etakidea da eta preso dago urruneko kartzela batean; Olivaren aita Guardia Zibileko sarjentua da Intxaurrondoko kuartelean. Shakespeareren draman bezala hemen ere eragozpenak pilatuko zaizkie bi gazteei; egoerak, familiek, lagunek… guztiek egiten dute harreman horren kontra.

Arostegik abenturazko nobelak idatziak ditu gazteentzat, duela 30-40 urteko giroa islatzen zuten obrak; oraingo honetan, baina, 80ko hamarkadako egoera bortitzean kokatu du nobela; segadan hildako etakideak, bahitutako enpresa gizona, erredurengatik hiltzen den guardia zibila, preso dagoen aita, presoen inguruko mugimenduko kideak eta beste hamaika pertsonaia aurkituko ditugu; baita kuarteletik ia irten gabe bizi diren familiak, egunero senarra irten baina etxeratuko ote den ez dakien emaztea… baina hau guzti hau testuingurua dugu, amodiozko istorioaren inguruan dagoena, horixe baita nobela interesgarri honetako elementu nagusia, bi gazteren arteko harremana eragozpen, zailtasun eta ezintasun guztien aurrean.