argia.eus
INPRIMATU
Mondraueko musikaren arkeologia
Iker Barandiaran @IkerBarandiara 2021eko azaroaren 19a
1980tik 1989ra bitartean Arrasaten zuzenekoak egin zituzten bertako rock taldeetako batzuen irudiak.
1980tik 1989ra bitartean Arrasaten zuzenekoak egin zituzten bertako rock taldeetako batzuen irudiak.

Arrasaten jardunaldi oso bereziak antolatu dituzte azarorako. Herrian jaio berri den Ez Donk Amaitu izeneko ekimenak, punkaren iragana, oraina eta etorkizuna balioan jarri nahi duenak, Arrasateko 80ko hamarkada nolakoa zen erakusteko, gogoratzeko eta ikasteko hainbat ekintza antolatu ditu. Horien artean nabarmentzekoak dira 80ko urtiek Mondrauen erakusketa –Kulturate aretoan azaroaren 27ra arte–, rockaz antolatu dituzten hiru mahai-inguruak –rocka eta feminismoak, rocka eta euskara, eta rocka 80ko hamarkadan–, eta udal antzokian eskainiko dituzten lau dokumental.

Ez Donk Amaitu ekimenaren bultzatzaileak tematu dira 1980tik 1989ra bitartean Arrasaten zuzenekoak egin zituzten bertako rock taldeak azaleratzen. Agertokira gutxienez behin igo ziren ia 30 talde zenbatu dituzte, baina haietako batzuetatik oroitzapena besterik ez da gelditu. Aldiz, 21 talderen kantu bana berreskuratu –hala moduz grabatuak asko– eta bandcamp batean batu dituzte, sarean.

Ezin da ukatu horietatik gehienek punka egiten zutela eta gaztelaniaz, baina badira eremu horretatik kanpo daudenak ere: rock indartsua euskaraz lantzen zuten Los Pichones (RIPeko Bolinaga anaiak tartean) eta SS-77; pop-rocka ikur zuten Subito Rubor eta Stress; Matrona Impudica after-punk erregina; euskarazko hardcore-punkaren aitzindari Eskoria-Tza; Oi!aren bidea zabaldu zuten Puñetazo, Zakarrak eta Vioch-R; DDDP (Discipulos de Don Pablo) heavy-rocka egiten; rock kaletarra aldarrikatzen zuen Malaña; ska-rocka dantzatzen zuen Diputación Coral –Bolinaga anaiak hemen ere tartean–. Eta punkean murgilduta zeudenen artean, honako hauek: lehenik eta behin RIP taldearen aurrekari izan zen Doble Cero eta RIP bera, jakina. Eta horien ostean, emaitza oparoko Naska; bi kontzertu soilik eman zituen Extorsion supiztailea; Pabellon Negro oinordekoa; Cirrosis trauskila eta gordina; melodiak ere lantzen jakin zuen Heriotza; eta auzuneetako ahotsa ziren NSD (Napoleón Se Descojona) eta Ultimo Recurso.

SS77 da garai haietako taldeetako bat.