argia.eus
INPRIMATU
Lurraldea eta arkitektura
Arkitektoaren zakila
  • Donostiako arkitektura fakultatea albiste izan da gertaera tamalgarri batengatik. Irakasle bat performance lotsagarri baten aktore eta protagonista izan da, zakila ikasleen aurrean atera duenean.

Ula Iruretagoiena 2021eko azaroaren 16a

Ekintza izan zeneko xehetasunen jakitun ez naizenez, ez nago gertakaria sakon aztertzeko baldintzetan. Baina nago, alderdi guztietatik begiratuta ulertezina, deitoragarria eta salagarria den gertakariak testuinguru baten berri ematen digula eta argitara ekartzen duela arkitektoaren maskulinitate izaera zehatz bat. Egun arkitekto perfil dibertsifikazioa egia borobila den arren, oraindik aktibo dago garai batean zedarrituriko arkitekto-maskulinitatearen itzala. Arkitekturaren lanbidea zeharo aldatu da azken hamarkadetan; lan panoramak zerikusi gutxi du arkitektoaren figura orojakile eta ahalduna eraiki zeneko garaiarekin: gutxiago eraikitzen da, lan baldintza txarretan, eraikuntza epe oso azkarretan, eraikuntzaren jakintza geroz eta konplexuagoa da maila administratiboan, legalean, kudeaketa-mailan… Eta oraindik ere, arkitektoaren egitekoa arrotza –ez nahitaezko lan bat– kontsideratzen da –aurreztu daitekeena–. Baina honek guztiak arkitekturaren profesioaren orainaldiaz diharduen arren, gaurko arkitekto belaunaldiak –ni barne– garai bateko arkitektoen ikasle –seme-alabak– gara. Denbora gehiago beharko da “aitaren heriotza” gertatu dadin.

Arkitektoaren zakila harropuzkeria maskulinoarekin loturan dagoela esatera ausartuko nintzateke. Arkitektoa, goi kulturaren parte sentitzeagatik, egoera arrunten gainetik kokatzen da, sibarita eta gustu dotorearen klasearen domina bere buruari eskainia. Segurtasun leku hori eskuratuta, desberdintasun goratuaren eserlekuak errealitatea hutsaltzeko arrisku handia du, eta larriena, naturaltzat jo dezake besteen kontrako gehiegikeria eta jazarpena. Eta maskulinoa da, deskribaturiko arkitekto-figura historikoaren sortzailea gizonezko arkitektoa delako. Nahasmendu honi gehitzen badiogu bizi dugun maskulinitatearen kultura, atera kontuak.