argia.eus
INPRIMATU
Erreputazioa
Uxue Apaolaza Larrea 2021eko azaroaren 18a

Espero nuen Tubacexeko langileen garaipena Arantza Tapiaren gustukoa ez izatea, noski. Baina ohorea, prestigioa edo erreputazioa moduko hitzak entzuten ditudanean, begia dardaraka hasten zait. Eta greba egin duten langileek hori kaltetu omen digute, erreputazioa. Ze histeriko, ze esajeratu, ze burugogor, ze erridikulu ibili diren langileak. Emakumeak ere, oro har, oso maiz ibiltzen gara horrela. Erreputazio ona oso estua da batzuentzat; adibidez, pandemia betean, senideak ikusi ez, baina lanera autobus bete-beteetan joatera behartzen zaitu, autobusen maiztasuna murriztu eta are gehiago betetzen direnetan ere, isilik eta musukoaz.

Erreputazio txarrekoak izango dira, beraz, Guggenheimeko garbitzaileak ere, trap eta guzti, ze erridikulu. Eta zahar etxeetako langileak. Zaintzen dituzten pertsonak ere lekuz kanpo daude jada, argi eta garbi esan diete hori pertsona neurritsuek pandemia honetan bertan. Ze lotsagarri egin duten oihu pentsio duinen alde, ze erridikulu 2016ko yayoflauta haiek. Ospe oso txarreko dabiltza gazteak ere, aldarrikapenez betetako tabernetan edo diskoteketan mozkortu ordez, kalean egiteagatik. Aburtok, zentzudun, errieta egin die behin eta berriro. “Errukirik gabe” eta “mano dura”-ren moduko hitzak erabili ditu, eta ea atzean polizia bana behar ote duten ere galdetu die. Polizia oinarrizkoa da erreputazioari eusteko. Albistegietan lehen berria izan dira, begira ero horiek, denok hilko gaituzte. Gazteek esan nahi dut. Erotuta, oso itxura txarra emanez ibiltzen dira zenbait ama, Juana Rivas sonatuena, baina badira gertuagokoak ere, seme-alabak aiten tratu txarretatik libratzeko: Rivasek erreputazio gabe eta kartzelan amaitu du. Paisaia itxuratxartzen dute gure osasun sistemako langileek ere, greba egiten dutenean, eta jende ohoretsua orduantxe baino ez da kezkatzen herritarrek lehen mailako arreta bermatua izan dezagun: zerbitzu minimoak %100ean jartzen dituzte, noski. Eta kendu dizkieten autobusen zain egoteaz aspertzen diren herritarrak, histeriko jartzen dira. Izen oso txarra hartu dute okupa imajinarioek ere: agian bidea erakusten ari zaizkigu.

"Neurriz jokatzen dugu, gauzak gehiegi harrotu gabe, prekarietateak erakusten dizkigun amildegien beldur"

Gehienetan, zoritxarrez, oso izen oneko ibiltzen gara, bide zentzudunetatik ateratzeko nahikoa ausardiarik gabe. Neurriz jokatzen dugu, gauzak gehiegi harrotu gabe, prekarietateak erakusten dizkigun amildegien beldur. Dena dago ondo diseinatuta gure erreputazioa behar bezalakoa izan dadin, gaztetxotatik irakasten zaigu hori. Zabaltzen zaizkigun mundu berrietan ere kezka iturri bilakatzen da erreputazioa, mundu digitala adibide. Eta online erreputazioaren helburua ere, kontratatua izatea da. Kontuz beraz zer sareratzen duzun, are gehiago neska bazara, neska baten erreputazio txarra beti baita okerragoa mutil batena baino. Erreputazio ona da, beraz, sisteman lekutxoa izateko modua: ezkontzekoa lehen, kontratatua izatekoa orain.

Bakoitzak neurtuko du erreputazio puskak bidean uzteko zer indar duen, nik gutxi gehienetan, horregatik zait hain erakargarria, iruditzen zait hain epikoa erreputazio txarraren bidea. Nire eskerrik beroenak, berriz, ausardia hori biltzen duenari, edo nahigabe bide ertzean geratzen denari, erridikulu eta erreputazio gabe. Zigortuta. Askatasuna garestia izan da beti batzuentzat, baina ez lotsagarria: Tapiak erreputazio txarra esaten diona, duintasuna da guretzat.