argia.eus
INPRIMATU
Bazterkeria kudeatzen, patrika h(J)elburu
Zigor Etxeburua Urbizu @ZEtxeburua 2021eko azaroaren 19a

Donostiako Udaleko kudeatzaileek agintaldi hasieratik egin dituzten hutsen zerrenda irakurri diot zinegotziari. Horiek ez errepikatzeko eskatu diot, baita Udala euskalduntzeko lanean laguntzeko eskaintza egin ere. Ez dira gutxi izan atzera urratsak, ezagunak dituzue zuzendari postuetarako euskara gaitasuna ez eskatzeko baliatu duten trikimailua, edota nola kontratatu dituzten euskara gaitasunik gabeko 60 udaltzain; salatua dugu hamar urte itxaron beharko dugula udal autobusen geltokietako publizitatean euskara berdintasunez erabiltzeko, edota euskarazko hedabideetan baino 20 aldiz publizitate instituzional gehiago kontratatu dutela Diario Vasco-n. Era berean, ohartarazi diot udalean erabiltzen dugun dokumentazio ugari gaztelania hutsez sortzen dela, eta bidali ere, euskaratu gabe bidali izan digutela. Eskatu ere eskatu diot euskaraz egiteko, araudiarekin bat etorrita, euskarazko gaitasun autonomoa duten udal langileentzako edozein ikastaro; edota ingeles hutsezko hizkuntza paisaia baztertzeko “euskararen hiriko” udal kiroldegietan. Ildo horretatik, azalpenak eskatu dizkiot Udalak herritarrentzako antolatutako hainbat jardunaldi eta ekitaldi  nagusiki gaztelaniz edo gaztelania hutsez izan direlako.

"Bere-berea du PNVk oztopoak eta trabak jartzea euskararen araudia zabaltzeko edo arau berriren bat sortzeko eskatzen zaion aldiro"

Euskararen erabilera normalizatzeko ardura duen zinegotziak onartu egin ditu akatsak, baina beraien kudeaketaren alderdi positiboei erreparatzeko eskatu dit. Nola ez, be positive my friend, agonista ni. Tira, erantzunarekin aurreikuspen baikorregirik egin ez nezan edo, egun on bati euskaraz erantzuteko gai ez den Udal Gobernuko beste kide batek “papistegia” naizela esan dit, araudia betetzeko eskatu diodalarik.

Eta hortxe dago koska. Bere-berea du PNVk oztopoak eta trabak jartzea euskararen araudia zabaltzeko edo arau berriren bat sortzeko eskatzen zaion aldiro. Neoliberalen ikasle aurreratuen modura, ez du erregulaziorik nahi, eta saiatzen da badauden arauak ez ezartzen, bere negozioetarako oztopo izan daitekeelako; horren adibide da ez egin nahi izatea Añorgako etxebizitza egitasmoak euskararen erabileran izango duen begi-bistako eraginaren azterketa. Trebea ere bada araudiari salbuespenak jartzen eta horiek bere mesedetan baliatzen. Eta bazterkeriara kondenatuta gaituen kudeaketa eskuindar hori guztia euskaraz bizi nahi dugunoi irentsarazteko, zer hobe xantai emozional eta ekonomiko Corleanetar bat baino. Patrika h(J)elburu!