Ahaztu dudan poeta bati irakurri nion, gauzei lehen aldian bezala begiratzeko ahalmenean zetzala begirada poetikoaren berezitasuna, munduarekiko lehen kontaktuan haurrek daukaten harriduraren antzeko zerbait hori, nolabait esan.
Mundua ezagutu ahala, galdu egiten dugu gaitasun hori. Zerbait izendatzen dugun unetik ttipitu egiten da zerbait horren ñabardurak topatzeko aukera, izendapenak irudi finko batera garamatzalako, gure baitan eraiki dugun kontzeptura, eta interesera. Zertarako egingo dugu-eta bere izaeran gehiago arakatzeko ahalegina, jadanik zer den baldin badakigu?
Mundua izendatzeko etiketak ere erabiltzen ditugu. Baina, azalpen luzeen energia aurrezten laguntzen badute ere, ez ditugu guri buruzkoak sobera maite. Kalifikatu egiten gaituzte, definizio sinplifikatzaile eta estereotipatuen bidez kalifikatu ere, eta betierekotasun zentzu bat daukate, aldaketaren aukera ezinezko dela ematen duena aditzera, zeharka. Ustez garen horren definizioa egitean, izan behar garenaren profezia ere egiten da, guganako espektatiba bat ezartzen. Pisu dira.
"Lagunen artekoa da karga sozial gutxien duen erlazioa, gutxien araututa dagoena. Bada, eman diezaiogun lagun etiketa gure maite-sareko jendeari"
Pertsonen arteko harremanak etiketatzeko joera ere badugu, erlazio moten araberako sailkapena egitekoa. Eta harreman batean gertatzen denaren azalpen deskriptiboa emateko helburuarekin baizik egiten ez bada ere (ahizpa, ama, laguna, irakaslea, amorantea, bizilaguna, lankidea, edo bikotekidea), hor ere saihetsi beharrekoa litzateke etiketen erabilera, tituluak karga handiegia duelako gure jokamoldean, eta efektu performatibo bat izaten dutelako gugan, harremanen forma estandarizatuen eta estereotipatuen arabera erlazionatzera eramaten gaituena. Kasik oharkabean, harreman-mota horren forma arautuan jokatuko dugu, horrantz jotzen dutelako beti gure jokabide automatikoek, erreakzio inkontzienteek eta oharkabeko pentsamenduek. Pertsona batekin dugun harremanean, lotura mota zein den baino erabakigarriagoa izan beharko luke elkarrekin zer bizi nahi eta ahal dugun sentitzea, horren arabera elkarrekin eta geure neurrira diseinatu ahal izateko erlazioaren forma.
Edonon ikus daiteke etiketek gugan duten zamaren pisua. Amatasunaz damutu diren emakumeen kasuan, esaterako, sozialki ezarria den ama-rol zurruna seinalatzen dute haietariko askok, beren bizipen arazotsuaren arrazoi. Badute seme-alabekiko atxikimendua, jada existitzen diren neurrian oso maite dituztelako, nola ez. Baina aitortzen dute nahiago zuketela rol estereotipotik atera ahal izan balira, eta bestela erlazionatu seme-alabekin.
Harreman mota estandarizatuek, gainera, asko eragozten dute pertsonekin sakonki topatu ahal izatea. Eskola munduan, adibidez, maiz gertatzen da ezberdin erlazionatzea ikasleekin ikasgela barruan ala kanpoan, nahi baino gehiagotan irensten duelako rolak pertsona, eta roletik zaila delako nor garen hartzea batez ere aintzat, zer garen baino gehiago.
Harreman afektiboena da, beharbada, honek guztiak gehien eragiten duen esparrua. Gerta liteke, adibidez, lotura eta harreman on batean seguritatea sentitzeko zailtasuna edukitzea, zergatik eta etiketa zehatz batek definitzen ez duelako erlazioa, zer diren argi ez dagoelako, alegia. Edo intimitate sexuala konpartitze hutsagatik, harreman baten gidoia erabat aldatu behar dela sentitzea, prestigioa eta bereizgarri hegemonikoa ematen duen bikote-etiketa gorena bezalakoen tentazioagatik.
Agian, lagunen artekoa da karga sozial gutxien duen erlazioa, gutxien araututa dagoena. Bada, eman diezaiogun lagun etiketa gure maite-sareko jendeari. Hobe biziko gara? Libreago, bederen.