argia.eus
INPRIMATU
Liburuaren depresioa
Bea Salaberri @beatxo 2021eko azaroaren 07a

Larrazkenean hitzorduak ez dira falta euskal kultur arloari buruz gogoetatzeko eta neurri handi batean literaturari buruzko jardunaldiak. Ziburuko eta Sarako azokak iragan ondoan eta sartzearekin batera gomitak zabaldu dira besteak beste Euskal Kultur Erakundeak bultzatu askotariko kultur arloei buruzko gogoetetara eta Senpere Larraldeniako euskal kultur transmisioari buruzko jardunaldietarako.

Egon lekuetan aipagai errekurentea da liburuaren munduaren zailtasun maila handia.

Beste arloei garrantzi eta protagonismorik kendu gabe, liburuaren inguruko kezkek didate oihartzun handiena egin. Ekosistema horretan ez da partaiderik airos denik Iparralde honetan.

"Ez da idazten, ez da pagatzen, ez da promozionatzen, ez da saltzen, ez da leitzen, ez da politika publikorik horretarako. Gogoa bai, bada"

Azoken arrakasta azpimarratzen dute antolatzaileek, eta han egonek hauen premia aipatzen dute. Liburua, literatur alea, ez da hain erraz eskuragarri. Lurralde txiki bezain zabalean, irakurzaleak oztopo anitz eta kilometro multzoa egin behar ditu edozein erreferentzia eta informazio kausitzeko. Oraindik ere gure “euskal amazon”aren zain gaude nolabait eta aldi berean itsuan erosteak beti beldurtzen gaitu. Ez baita inbertsio txikia liburuarena, segur izan gabe gustukoa denez, beste irakurleen iritzirik gabe, dendariaren aholkurik gabe. Horrez gain, herrietako liburutegi eta mediatekak ez dira beti izaten ongi hornituak.

Irakurleak nora jo ari diren bitartean, saltzaileak kezkatuak dira hain zuzen irakurleen urritzeaz: denda idekitzea desafio arriskutsua da. Zenbakirik ez dago, inork ez baitu horren inguruko ikerketarik argitaratu. Omenak dira. Ez omen da irakurtzen euskaraz Iparraldean, ez omen da zaletasunik, ez gaitasunik batzuek diotenez, ez baita transmisioaren erronka gainditu eta oraino falta baita euskalduntze masiboa gauzatzea eta plazeraren pedagogia lantzekoa omen da. Ondorioz frantsesez irakurtzen gozatzen da, hautu gehiago, eskuragarritasun handiagoa eta hiztegiarekin ez delako ibili behar.

Azoka eta topaketetan gurutzatzen diren sortzaileak dira irrifartsuenak, nola ez, kanpainan dira, ekoitzi dutenaren autopromozioan: aurpegi ilunarekin agertzea baizik ez litzateke faltako! Publizitatea, ororen buru, haien gain baita, lortuko dituzten hitzorduen eta inguruan duten lagun sarearen araberakoa da ezagupena. Mikrofonoak jaten dituzte agertu arau, irriek bisaiak urraturik, kondatuz ibilbideak eta asmo literarioak. Gaineratekoak atxikitzen dituzte off the record aipatzeko: ebaska idaztea lo orenak sakrifikatuz, edizioraino eta agian publikaziorainoko nekeziak, laguntza psiko-afektibo beharra, ezagupen eta balorizazio eza, bakardade handi hori, grina eta ezina, izanen ez den ordain ekonomikoa. Idatziz euskaraz sortzen duenak hautu militante handia du egiten.
Holakoak dira entzuten.

Bai, badakit, oraindik ere erranen didazue ezkortasunak irentsi nauela eta erantzunen dizuet ezetz. Munduan egonen banintz uhainik ez egitekotan, gauzak diren bezala ez agertzekotan, jite horrek ez luke piperrik balioko: utzidazue liburuaren depresioa xehatzen. Diot halaxe dela, hori dela entzuten, ez dela nire baitako ahotsa, egoerak direla mintzo: ez da idazten, ez da pagatzen, ez da promozionatzen, ez da saltzen, ez da leitzen, ez da politika publikorik horretarako. Gogoa bai, bada. Sinets ala ez, baikor naiz, inteligentzia kolektiboan sinesten duenak baitaki elkartzetik ager daitezkeela aterabide gehiago, egokiagoak, neurtuagoak eta eramangarriagoak.