argia.eus
INPRIMATU
Behar banauzu, ondoan nauzu
2021eko azaroaren 07a
Eta untxiak entzun | Egiletza eta ilustrazioak: Cori Doerrfeld | Itzulpena:
Garazi Arrula Ruiz | Txalaparta, 2021.

Egun batean, Taylorrek zerbait eraikitzea erabaki zuen”. Horrela hasten da Minneapolisen bizi den egile honen Eta untxiak entzun albuma. Taylor zerbait eraikitzen hasten da, berria, berezia, xoragarria… eta horrela ikusi ahal izango dugu zein harro dagoen bere eraikuntzaz. Bat-batean, baina, Taylorrek eraikitakoa txikitu egingo da haurraren nahigabea eta tristura sorraraziz.

Animalia ugari saiatuko dira Taylor animatzen, etsipenetik ateratzen, aurrera egiten… eta, horrela, irakurleak ikusi ahal izango ditu animalia bakoitzak haurrari egiten dizkion proposamenak; hitz egin, oihu egin, gogoratu, barre egin, ezkutatu, zakarretara bota, beste bat hondatu… Honek, baina, behin eta berriro esaten die ezetz; ez du oiloak, hartzak, elefanteak, hienak, ostrukak, kanguruak ezta sugeak proposaturikoa egiten. Harik eta untxia agertu arte. Untxiak ez dio ezer esaten, haurraren ondoan kokatu eta isilik geratzen da, bere ondoan dagoela adieraziz ekintzen bidez, hitzen beharrik gabe.

Hunkigarria eta gomendagarria da Cori Doerrfeldek idatzi eta ilustratu, eta Garazi Arrulak euskarara ekarri duen albuma; kolore gutxi erabiliz eta trazu sinple eta zehatzen bidez egileak ederki islatzen du une bakoitzean kontatu nahi digun egoera. Irakurleak ikus ditzakeen orri bietan animalia bakoitzaren proposamena agertzen zaigu hainbat irudiren bidez, bizitasuna eta animazioa emanez kontakizunari.

Liburuak ez du testu ugari; esaldi gutxi, labur eta antzekoak darabiltza egileak. Eta, sintesi honi gehitzen badiogu irudietan ematen den progresioa, liburuaren kontakizunak oso erritmo bizia hartzen du untxia agertu arte. Untxiak, aldiz, baretasuna dakar, gelditasuna, patxada; esan baino entzuten duenaren pazientziaz untxiak erakusten digu zein garrantzitsua den beharra duenaren ondoan egotea, itxarotea berak hitz egin edo zerbaitetan aritzeko gogoa izan arte. Eta denbora horretan guztian jakin dezala elkarren ondoan egongo zaretela, zu hor zaituela, bere ondoan, hurbil… “haren gorputz beroa sentitzeraino”.

Eta untxiak entzun hau istorio sinplea dugu, goxoa, benetako beharren, benetako lagunen eta laguntzaren inguruko kontakizun zoragarria.