argia.eus
INPRIMATU
HUMANITATEAREN UNE GORENAK
Cicindela Juengeri
Aritz Galarraga 2021eko urriaren 26a

XX. mende, orain bai, osoak inoren biografia gurutzatu badu, hori da Ernst Junger –tira, beti ere non kokatzen duzun XX. mendearen bukaera: Joseba Gabilondok 2012an ezarri zuen, Martutene eleberriaren argitalpenarekin–. Junger, jaio baitzen 1895ean, hiltzeko ia 103 urterekin gizaldiaren azkenetan. Baina zera biologikoa baino: bere idatziek bilakatu dute XX. mendearen ordezkaririk behinena. Ordezkari ezeroso, ordezkari desatsegin, ordezkari arbuiagarria. Nazionalsozialismoaren aitzindari, demokraziaren etsai, humanismoaren aurkako, gaur egunean bere egiten du, ez motiborik gabe, Alemaniako ultraeskuinak.

Gauza konplexuagoa ote zen, ordea. Arte kateko dokumental bati esker jakin dut: pasio batek bizi zuela, naturak, zehatzago entolomogiak, are zehatzago kakalardoek. Hogeita hamar mila espezieko bilduma bat zeukan etxean. Espezie batzuei izena ere jarri zien; bati, adibidez, bat oso deigarria: Cicindela Juengeri, alegia, bere izena. “Behatzaile ona da, baina bahitzaile ona ere bai”, bere burua deskribatzen ariko balitz bezala. Bere burua baitago bere produkzio guztien erdigunean, objektibo eta behatzaile dirudien horietan ere. Behatzaile handia izan baitzen, baina behatuz, beti bere burua behatzen baitzuen, galderak pausatuz gauzak sentitzeko moldeaz, gauzak ikusteko moldeaz. Gezurra dirudi gerrako gizona deitu izan dena, gerra deskribatu zuena erabateko hoztasunetik, gero entomologian, zehatzago kakalardoekin laketu izana.

Nik, gauza hauetan –eta gainerako guztietan– Ingeborg Bachmannengandik gertuago nagoen honek –"Natura ez zait batere interesatzen. Apenas ezberdindu ditzaket hiru lore klase"–, ezin Junger bezalakoen aurrean jakin-min puntu bat sentitzeari utzi. Gainera, bakarrik irakurriko bagenu gertu dagoen jendea, ez genuke ezer asko ikasiko. Urrun dauden horiek ere irakurri beharko genituzke, beraz, zeri buru egin behar diogun jakiteko, besterik ez bada.