argia.eus
INPRIMATU
Hitz egin dezake estralurtar subalternoak?
Ibai Atutxa OrdeƱana 2021eko urriaren 28a
Oihan hitzean mundua | Egilea: Ursula K. Le Guin | Itzultzailea: Amaia Apalauza | Igela, 2021.

Egin kasu Arrate Hidalgok sarreran diotsunari. Ez lotu Oihan hitzean mundua Vietnamekin. Ez akabatu eleberriaren fikzioa, eta ez egin kontakizuna Gerra Hotzeko inperialismoaren gatibu.  

Hartu zientzia fikzioa, Amaia Apalauzak itzuli eta Igelak argitaratu duena, bere horretan. Utzi etorkizun espekulatiboari gaurko botere harremanak azaltzen. Erabili Le Guinen lana zuk zeuk betikotzen dituzun menderakuntzak galdekatzeko.

Barkatuko didazu, momentu batez, itzulingurua: Gayatri Spivak pentsalariaren Hitz egin dezake subalternoak? hitzaldi ezagunaren gaia ez zen subalternoak hitz egin zezakeenetz. Arazoa zen inperioaren kokagunetik ezin zitzaiola subalternoari entzun. Ondoren, hitzaldia Arrazoi postkoloniarraren kritika liburuan txertatzean, ikergaia berriemaile natiboa izatera igaro zen: etengabe hitz eginarazten zaion subjektu menderatua, inperioak entzun bai, baina inperioak nahi (edo ahal) zuena ulertzeko, eta ulertutakoarekin menderakuntza bermatzeko.

Bada, hor ditugu Le Guinen eleberriaren erdigunean Rai Liubov eta Selver: intentzio oneko antropologo inperiala eta berriemaile natibo subalternoa. Liubovek gelditu barik hitz eginaraziko du berriemailea eta Selverrek etengabe egingo dio berba antropologoari. Alta, Liuboven ulertzeko ezintasunak gurutzatzen du istorioa, eta batez ere, ezintasun horrek dakarren sarraskiak.

Are, Le Guinek Liubov bezain ezgai egiten gaitu. “Selver, sha'ab. Baina zer esan nahi zuen sha'ab horrek? […] jainkoa […] edo entitate numendarra, edo izaki boteretsua […] bai horixe […] itzultzailea”. Ezin erabaki, irakurleak ere subalternoaren aurkako gorreria biolento horretan hartzen du parte. Hitz egin dezake Selverrek, estralurtar natibo berriemaile subalternoak? Dakigun bakarra da Liubov, flota inperiala eta gu geu ere ez garela dioena ulertzeko gai.  

Liburua irakurri eta Vietnamez diharduela erabaki beharrean, pentsatu liburuak zuzenean interpelatzen zaituela. Zu ere gorra zarela zapalduen aurrean. Eta gorreria hori erabat dela biolentoa.