Italiar penintsula, duela 2.800 urte. Etruriarrak, egungo Toscanatik abiatuta, penintsularen iparraldeaz eta erdialdeaz jabetu ziren, beren kultura eta teknika militarrei esker.
Etruriarrak, besteak beste urregile bikainak eta ontzigile berritzaileak izan ziren, eta Mediterraneo mendebaldeko itsas potentzia nagusietakoa izatea lortu zuten. Baina zibilizazio heleniarraren oinordekotzat eta Erromaren arbasotzat jotzen direnei nondik zetorkien nagusitasun hura? Zein da etruriarren jatorria?
Misterioa argitzeko eta eztabaida amaitzeko, Tübingeneko Unibertsitateko adituek, Max Planck Institutuarekin eta Florentziako Unibertsitatearekin elkarlanean, 86 etruriar eskeleto bildu zituzten, DNA aztertu asmoz. Eta berriki ondorioztatu dutenez, arrasto berrienetan, erromatar garaikoetan, ekialdeko nahiz iparraldeko eragin genetikoa nabarmena da, baina etruriarren goraldi garaiko indibiduoetan ez dute halako nahasketarik topatu. Hau da, etruriarrek bizilagun italikoen ezaugarri bertsuak zituzten eta ez ziren inondik etorri. Ekialdeko eraginak nabarmenak dira haiengan, herrialde heleniarrekin harremanak izan zituztelako, eta ez handik zetozelako.
Etruriarren jatorri autoktonoaren aldeko teoriak aspaldi sortu ziren. K.a. I. mendean, Dionisio Halikarnasokoak ez zuen kontrakoa pentsatzeko arrazoirik topatu eta, azken bi mendeetan, geroz eta arkeologo eta historialari gehiagok egin dute DNAk egiaztatutako aukera honen alde. Baina, beste hipotesi bat nagusitu da orain arte: etruriarrak inbaditzaileak ziren, ekialdetik iritsi ziren K.a. VIII. mendean, Asia Txikitik, Egeotik edo Lidia ingurutik. Erlijioan eta kulturan ustez ekialdeko ezaugarriak zituztela diote teoria orientalistaren aldekoek, eta zibilizazio berezia eta oso aurreratua zutela, ingurukoekin alderatuta. Teoria hau bestea baino askoz zaharragoa da, gainera, historiografiaren aitak, Herodotok berak K.a. V. mendean sortu baitzuen.
Azkenean, etruriarren jatorri inbaditzailearen atzean ondo errotutako pentsamoldea dago, inbasioak, konkistak, inperialismoa moralki justifikatzen duena: herrialde menperatzaileek beren eragina hedatzeko beharra sentitzen dute, beren balio politiko, kultural eta erlijiosoak zabaltzeko, eta, ondorioz, herri menperatuei mesede egiten diete bakea, segurtasuna eta oparotasuna emanez. DNA emaitza asko beharko dira zibilizazioen eta herrien arteko harremanak eta elkarreraginak berdinen artean ere gertatzen zirela onartzeko.