argia.eus
INPRIMATU
Elektrizitatea, giza eskubide?
Itziar Bardaji Goikoetxea 2021eko urriaren 31

Iristen ari da, badugu abisua gasolindegien zenbaki distiratsuetan eta faktura elektrikoan: energi iturri fosilak amaitzen ari dira.
Pobrezia energetikoa mehatxu dugu eta gure muturrean poltsikorik lotsagabeenak betetzen diraute. Kapitalismoak energia berriztagarriak urardotu ditu, guztia bereganatzeko gaitasuna baitu. Kalera irteten gara, autoprodukzioa salbuespen dugun giza antolakuntza honetan enpresa handien menpeko garelako. Baita ere gure bailarak parke eolikoz eta edonola bete nahi dizkigutelako.

Sistemak esku batez bestelako energia iturriak erabiltzeko teknologia fintzen du, eta besteaz iragarkiak berdeago bihurtzen ditu. Gobernua neurtzen ibiliko da, noiz arte estutu dakioken eztarria lanetik bueltan, telebistan, politikari, enpresari, abeslari eta futbolariek lapurtu egiten diotela ikusten duen zerga-ordaintzaileari. Eta eztanda egingo du.

Energia –eta beraz, denetarik– gutxiago ekoiztu eta kontsumitu behar dugula? Ez, ez beste modu batez soilik, ez prezio jasangarrian soilik, baizik eta gutxiago. Noiz hasiko gara serioski honi buruz hitz egiten?