Urretxu edo Zumarraga entzuten dudan bakoitzean hango The Hot Dogs! taldeaz oroitzen naiz ezinbestean. Hango ia erreferente bakarra dut eta ez edonolakoa gainera.
Pandemia betean ikusi nuen Northagirres taldea zuzenean Urretxun bertan. Urteak ikusten ez nuela –hastapenetan besterik ez– eta inpaktatu egin ninduen taldearen sendotasunak eta proposamenak. Hala, azken bi diskoekin bueltatu nintzen etxera.
Hazita dago taldea eta erabat helduta. Kantuak The Hot Dogs! taldean aritutako Iñigorenak dira hein handi batean. Bera da abeslaria, eta jakina, gitarra jotzailea. Alboan musikari oso finak ditu eta nabarmentzekoa da talde-soinua erabat janzten duen teklatu jotzailea, Ana Agirrezabaltegi, Iñigoren arreba.
Honako hau, Cavaré, aurreko diskoekin alderatuta serioagoa da; ez dauka aurrekoen pareko urgentzia, eta soilagoa da, baina baditu abesti puskak. Esaterako, diskoari izena ematen dion Cavaré: indartsu hasten da, intentsitatez eta erritmoz, eta nahigabe sentsazio urrun bat badu ere, nortasun handia daukan riff batek uxatzen du, beti ere indar horri eutsita. El don rock-and-roll maltzurra da, non Anaren teklatuak agintzen duen eta eramaten gaituen 70eko hamarkadako giroetara. Lalala lala lalalala lalala epiko erditzen da, eskola zaharreko rock-and-roll bilakatu eta gorpuzten eta gorpuzten Radio Birdman-en Zeno Beach-en parera, ia orkestral bihurtu arte.
Diskoaren beste aldea Elevator-ek zabaltzen du, americana estiloari gorazarre egiteko ariketa irudimentsu eta basatia; hainbeste, makineria geldiezin bihurtuta, kantua hard-rockera amiltzen du-eta. Yo también-en, zaldien trostan abiatuta eta hammond-a oso hurbiletik jarraika, Iñigok indartsu errezitatzen du eta surf-a ere bere egiten dute. Azkenik, Frío da Urretxuko rockero zaharrak Gainsbourgen, edo hobe esanda, Lou Reed-en gorputzean jarrita idatzitako balada.
Iñigo eta taldekideek aurreko taldearen garapen naturala, helduagoa egiten dute, baina oso sendoa. Jarrai dezala luzarorako garrak piztuta!