argia.eus
INPRIMATU
Ez bakerik eta ez forurik Muñagorrirentzat
  • Eratsun (Nafarroa), 1841eko urriaren 14a. Jose Antonio Muñagorri “Bakea eta Foruak” mugimenduko bultzatzaile nagusia hil zuen Ramon Elorrio Soroeta txapelgorrien tenienteak. Duela 160 urte Euskal Herrian bizi zen giro politikoan barrena bidaiatu dugu.

Nagore Irazustabarrena Uranga @irazustabarrena 2021eko urriaren 25
“Bakea eta foruak” aldarrikapena eginez altxatu zen Muñagorri bere jaioterrian, Berastegin, 1838an. (Irudia: Auñamendi)

“Elorrio aurrekari txarreko gizasemea zen”, Antonio Maria Labaienek (1898-1994) zioenez, “gerrak zazpi urtez gogortutako txapelgorria, teniente izendatu zutelako harrotua. Muñagorriren aurkako erresumin zaharrak, gorroto pertsonalak eta nabarmenkeriak bultzatuta, Zumarristan azaldu zen soldadu gutxi batzuekin eta, Muñagorri ezustean harrapatuta, Pilotasoro gainean traizioz hil zuen”.

Berastegin 1794an jaioa, aitonak eta aitak bezala eskribau ikasketak egin arren, Muñagorri burdinolen negozioan eta azpiegituren eraikuntzan aritzen zen nagusiki 1833an, Lehen Gerra Karlista piztu zenean. Gerrak negozioak etenarazi zizkiolako kezkatuta zegoen, baina baita luzatzen ari zen gatazkak Euskal Herrian eragindako kalteez ere. Eta bakea helburu, Madrilera bidaia arriskutsua egin zuen 1837ko neguan. Madrilgo orduko gobernu liberalaren ezkutuko babesa lortuta, 1838an Don Karlosi gutun gogorra idatzi zion Euskal Herritik alde egin zezan eskatzeko, nafarrei eta gipuzkoarrei ere idatzia luzatu zien foruen eta bakearen alde bat egin zezaten eta, propaganda ekintza eraginkorrean, berehala zabaldu zen bertso sorta ere enkargatu zuen: “Pakea ta fueroak / da gure bandera. / Gure anai maiteak /atozte onera, / nafarrak, alabesak, / giputz, bizkaitarrak, / atozte guregana / gazte eta zarrak”, zioen lehen bertsoak.

Foruak errespetatzen baziren, euskaldunei Isabel ala Don Karlos berdin zitzaiela zioen funtsean aldarrikapen hark, neutraltasunaren banderapean Muñagorri bera liberalen alde lerratu arren

Eta “Bakea eta Foruak” zioen bandera zuriari helduta, jaioterrian, Berastegin altxamendua bultzatu zuen 1838an bertan. Foruak errespetatzen baziren, euskaldunei Isabel ala Don Karlos berdin zitzaiela zioen funtsean aldarrikapen hark, neutraltasunaren banderapean Muñagorri bera liberalen alde lerratu arren. Itxuraz, ikasketak egin zituen garaian hurbildu zen eskribaua liberalen aldera, eta, beraz, gerra "etsaien" artean bizi behar izan zuen, Berastegi eta inguruak nagusiki karlistak baitziren. Zenbaitek Muñagorriren abentura ausart eta bakartitzat jo arren, Madrilera joan aurretik ere babesak bildu zituen Baionan erbesteratutako liberalen, gerrak akitutako buruzagi karlisten eta Gipuzkoako Diputazioaren ordezkari askoren artean. Baina behar adina babes materialik ez zuen lortu erasoari ekin zionean eta altxamenduak porrot egin zuen. Ipar Euskal Herrira ihes egin zuen orduan Muñagorrik.

Eta, hala ere, gatazka dinastikoa eta foruen aldeko borroka bereizteko ideia hark nolabaiteko eragina izan zuen Bergarako Hitzarmenean (1839). Bakea lortuta eta, ustez, foruak lotuta, Muñagorri Zumarristan zeukan burdinolara itzuli zen.

Baina Esparterok foruak bertan behera utzi zituenean, hainbat foruzale haren aurka matxinatu ziren 1841eko urrian. Ez dago garbi Muñagorrik altxamenduan parte hartu zuen ala ez. Arestian aipatu bezala, Labaienek ez zuen uste matxinatuen artean zegoenik eta gatazka pertsonalei egotzi zien haren heriotza. Beste iturri batzuek, Pablo Gorosabelek, esaterako, diote parte hartu zuela eta horregatik errepresaliatu zutela. Benito Perez Galdosek halaxe jaso zuen Episodios Nacionales (Gerkatari nazionalak) lanean: “Dalloko apaizak eta Muñagorri eskribauak berehala bildu zituzten beren partidak, eta muino eta mendietan barrena abiatu ziren liberalak hiltzera”.

Hipotesiak hipotesi, “Bakea eta Foruak” mugimenduaren buruzagi nagusia ez zuten bakean utzi, foruak galdu ondoren ere.