Adikorra eta adeitsua izatearen garrantziaz hausnartzen zuen artikulu batekin egin nuen topo uda honetan. Atsegina eta, zenbaitentzat, xaloa izan litekeen izenburupean, politikaz aritzen zen Santiago Alba Rico, eguneroko keinu txikien politikaz. Azalpen fin eta landuaren ostean, gaur egun ingurukoekin adeitsua izatea ia iraultzailea dela ondorioztatu zuen.
Hau irakurtzen ari zaren horrek ondo dakizu aferaz. Zenbat bider ez al zaizu gertatu hitz edo erantzun edo keinu txarren bat hainbat egunetan gora eta behera eta bueltaka marmarrez ibili duzula? Seguru ondo baino hobeto gogoratzen duzula, atzo bertan izan balitz bezala, ezezagun edo ezagun hark utzi zizun gorpuzkera txarra, duela urteak izan bazen ere. Eta inoiz jende aurrean lan egin baduzu, askoz hobeto dakizu zertaz ari naizen.
Pentsa egizu momentu batez zenbat jenderekin daukagun egunez egun harremana, lagun eta senideez gain: erosketak egiten ditugunean, lanean gaudela, harreman telefoniko eta birtualen bitartez, leihatiletan, garraio publikoan, zebrabideak pasatzen ditugunean, tabernetan gabiltzala.
"Sumintzen naute iraultzaile mozorroaz, gogortasuna erakusteko aitzakiapean, ezezagunak desatsegin tratatzen dituzten horiek"
Gure bizitza harreman handietan eusten da, baina bizitza hori harreman txikien sarean doa ehuntzen. Keinu txiki horiek ez dute mundua aldaraziko, baina mundua jasateko balio digute. Are gehiago, keinu txiki horiexek izaten dira maiz gizatasunean berriro sinestea posible egiten dutenak.
Hala ere, gero eta bortitzagoa den mundu eta jendarte honetan, gizatasunez biluzten gaituen kapitalismo basati honetan, gu geu kontsumo objektu bihurtu garen honetan, gero eta gehiagotan bihurtzen ditugu pertsonak inoren frustrazioen askapenerako objektu. Sare sozialetatik edo gure kaleetatik bueltatxo bat eman eta trolifikatutako jendartea topatzen dugu.
Adikortasuna. Aditu (latinezko audire-tik): entzun, kasu egin (adi!), ulertu. Modan dagoen “entzumen aktibo” delakoa gure aditz zaharrak adierazten du aspalditik. Baina gu, zenbat eta konektatuago, orduan eta gorrago. Ez dugu ulertzen, ulertu nahi ez dugulako. Bestea ulertzeak, benetan aditzeak, elkarrizketara eroaten gaituelako, eta gu ondo eroso gaude gure bakarrizketan, aurrekoaren gainean zelan nagusitu helburu bakartzat.
Adeitasuna eta adikortasuna ahulezi zantzu moduan ulertzen dira, gainera. Baina gogortasuna ez da neurtzen besteak tratatzen ditugun moduaz, besteen tratua kudeatzen dugun eraz baino. Eta ez txarto ulertu, ez naiz ari beste masaila eskaintzeko amarruaz.
Asko gara mundu hau aldatu nahi genukeenak. Geure buruari galdetu beharko genioke, berba potolo eta anpulosoetatik jaisten garenean, zer geratzen ote den. Sumintzen naute iraultzaile mozorroaz, gogortasuna erakusteko aitzakiapean, ezezagunak desatsegin tratatzen dituzten horiek. Harritzen nau zelan zenbaitek gaizkitzen dituzten balizko lagunak ezkutuko tiraniaz. Sama egingo nuke euretako batzuk kapazak direla zaintza eta zaintza sareen inguruan teorizatzeko, hankak norbaiten lepo gainean deskantsatzen dituzten bitartean.
Mozorro horretan biltzen dira, goxo eta epel, askoren begietara zilegitasuna ematen diela jakitun. Ze kaltegarria den edozer zilegi dutela uste dutenen zinismoa, ze mingarria aurpegi bikoitzen hipokresia. Zure aurrean hirugarren bat larrutzen badute ez izan zalantzarik: larrututako hurrengoa zeu izango zara.
Ingurukoekin adeikorra izatea ia iraultzailea da, baina, jendartea irauli nahi omen duten inguruko batzuek jendarte hori jende barik ulertzen dute, antza.