argia.eus
INPRIMATU
Ybarratarren euskal musika bilduma
  • Bilbo, 1857. Banco de Bilbao sortu zen; akziodun nabarmenen artean Ybarra familia zegoen. 1902an Bizkaiko Labe Garaiak abian jarri zirenean ybarratarrak ere tartean ziren. Bilbo edota Getxoko alkate izan ziren, Bizkaian nahiz Madrilen diputatu. Sendiaren Sevillako adarra itsas merkataritzan eta elikadura industrian nabarmendu zen, baita esklaboen salerosketan ere… Eta, itxuraz, musikazaleak ere baziren.

Nagore Irazustabarrena Uranga @irazustabarrena 2021eko urriaren 07a
Ybarra familiaren bildumako bi zilindro, biak Bilbon grabatuak eta biak zazpi pezetaren truke erosiak: 'Agur nerebiotzeco' (sic) eta 'Euskalduna'. (Argazkia: Eresbil)

1996ko martxoan Eresbil euskal musikaren artxibora zazpi egurrezko kutxa iritsi ziren, barruan 634 zilindro zituztenak.  Argizarizko zilindroak musika entzuteko disko aitzindariak ziren, Edisonek 1877an asmatutako fonografoan erabiltzen zirenak. Bizkaiko Artxibo Historikotik Eresbilera eramandako zilindro sorta Ybarra familiak 1898-1905 urte inguruan osatutako musika bilduma zen.

Zilindro gehienak Bartzelona, Madril eta Valentziako diskoetxetakoak –edo hobe esanda, zilindro-etxeetakoak– dira, baina 150 Bilboko bi enpresa fonografikotan grabatu zituzten: 144 Viuda de Ablanedo e Hijo etxean, eta beste seiak Enrique Garcíaren piano biltegian.

Ablanedoren alargunaren zigilua duten zilindroetan denetik dago: Verdi edo Wagnerren opera zatiak, zarzuela, espainiar kantuak, habanerak... Baina zenbait euskal kantu eta zortziko ere badaude, gehienak Maguregi jaunak kantatuak –abizena bai, baina izenik ez da ageri zigiluetan–: Agur nerebiotzeco, Iru dámacho, Izazu nitzas cupira... Ybarratarrek lortutako Enrique Garcíaren sei grabaketak, aldiz, euskal kantuak dira: Betti-maite, Euskalduna, Goy Zeco y Sarra... guztiak Arriaga jaunaren ahotsean.

Ybarra familiako zilindro gehienak oso egoera kaskarrean iritsi ziren artxibora. Jatorrizko kaxetatik atera zituzten eta kanpotik biltzen zituen kotoia kendu zieten. Hezetasunak eragindako kalteak oso nabarmenak ziren, ziurrenik 1983ko Bilboko uholdeen ondorioz. Zilindro batzuk puskatuta zeuden, beste batzuk erreta ziruditen eta  gehienak onddoek hartuta zeuden. Salbatu zitezkeenak ondo garbitu zituzten orduan. Geroago digitalizatuko zituzten, eta horietako batzuk entzungai daude gaur egun Eresbilen webgunean.

Eta hala, Ybarra familiaren zaletasunari  esker –eta aberastasunari esker, fonografoa eta zilindroak erostea ez baitzegoen  edozeinen esku– eta azken hamarkadatan egindako kontserbazio ahaleginak medio, soinu kalitate oso kaskarreko baina balio handiko euskal kanta mordo bat iritsi zaigu.