argia.eus
INPRIMATU
Mohamed
Koldo Aldalur Hirigoien 2021eko urriaren 06a

Uste dut 2009ko udara partea izango zela Mohamedekin lehen berriketaldi luzea izan nuenean. Denda jarri berri zuten gure etxe inguruan eta bertara jo nuen zer eskaintzen zuten ikustera. Hasieratik iruditu zitzaidan pertsona interesgarria.

- Oye, tu entiendes presidente Alemania no sabe alemán? –bota zidan kolpetik. Aztarnarik ez nion hartu galderaren atzetik ezkutatzen zenari…–.

- Presidente País Vasco no sabe euskera.

Patxi López lehendakaria izan zen garaiak ziren eta, egia da, garai hartan euskal herritar hainbaten lehendakariak ez zuen euskaraz egiten (gero ikasi ote zuen beste artikulu baterako, akaso).

Hasiera hartan galdera gehiago zuen egiteko Mohamedek bereak kontatzeko gogoa baino, eta berriketaldi luzeak etorri ziren segidan. Besteak beste, Euskal Herriak aske izateko beharraz aritu ginen, nazio kontzeptuaz, borroka armatuaren sorreraz, onarpenaz, biktimak mailakatzeaz, errepresioaz, erakundeek botere ekonomikoekin duten harremanaz, komunikabideek duten arduraz boterea lasai bizi dadin, euskal kulturaz (horrela, zabalean), eta gehienbat, errelatoaz: komunitate txiki honetan hainbeste min sortu duen konfliktoaz atzetik datozenek zer eta nola jakingo ote duten.

"Galdera denak ez dira izan erantzun errazak eta berez ditudan kontraesanak eta ezjakintasuna ere sarri azaldu dira"

Mohamedek galderaz bete ditu geroztik gure berriketaldiak eta bere jakin-nahiak ez du mugarik. Galdera denak ez dira izan erantzun errazak eta berez ditudan kontraesanak eta ezjakintasuna ere sarri azaldu dira esaldi eta esaldi artean. Baina, tira, gustura aritu naiz nire mugetatik at atera nauen arte.

- ¿Y tu qué sabes conflicto Rif y Gobierno Marruecos? ¿Sabes historia Rif? ¿Sabes batalla de Annual? ¿Sabes Nasser Zafzafi preso politico? Movimiento Hirak, ¿sabes? ¿Protestas Alhucemas?

Akabo gure etxeko belarrak! Halako ederki ari nintzen pontifikatzeko dudan joera gozatuz, eta derrepente, zer erantzun ez dakidala geratu naiz. Annualeko borroka orain mende bat izan zela eta rifekoek espainiar kolonizatzaileak egurtu zituztela, besterik ez dakit. A! eta itxuraz, interes geoestrategiko partekatuak dituztelako, egurtuak izan ziren espainiar haien oraingo ordezkari politikoek harreman nahiko onak dituztela rifeko herritarren eskubideak zapaltzen jarraitzen duen errege marokoarrarekin. Horixe baino ez.

Gure herrian, Azpeitian, udalak kartel handiak jarri ditu kaleetan Kultur Mahaiak egindako lana gogoratzeko. Badakizue, kontzertuak, erakusketak, bertsolariak, trikitilariak, antzerki emanaldiak eta abar. Kulturaren ikuspegitik aberasten gaituzten ekitaldiak, alegia. Kultura, ni baino argiago beharko du norbaitek zer den zehazteko.

Orain hurrena, elkarrekin izan gara berriro Mohamed eta biok. Galdetu dit ea zergatik pentsatzen dugun pertsona “kultoa” dela, adibidez, alemanez eta ingelesez hitz egiten entzuten duguna, eta, era berean, ez garen ohartzen gurean asko garela euskaraz eta erdaraz aritzen garenok.

A! Eta gainera, euskaraz hasi zait galderak egiten.