Neskatila bat dugu liburu honetako narratzailea. Aitona ehiztaria zela dio hasieran (Ehiztaria zen gure aitona gaztetan) eta, ondoren, Orain, berriz, argazkilaria da. Axpik (Ainara Azpiazu Adurizek) esaldi horien esanahi osoa adierazten digu irudien bidez. Lehenengoan animalien buruak ageri dira aitonaren etxeko hormetan, bigarrenean, aldiz, aitona animaliekin argazkietan. Hiltzetik maitatzera pasa den seinale.
Narratzaileak aitonarekin joan nahi du basora animaliak ikustera: “Argazkiak ikusita, basoko animaliak ezagutzeko irrika sartu zait, eta aitonari eskatu diot berarekin eramateko. Oreinak, orkatzak, basurdeak, azkonarrak (…) Den-denak ikusi nahi ditut!”. Eta aitonarekin basoan eginiko ibilalditxoa da album honetan kontatzen zaiguna. Nola doazen, eta nola neskatxoak begi-bistan izanik ere, ez duen animaliarik ikusten; eta bitartean, aitonak nola ateratzen dizkien argazkiak basoko animaliei eta ilobari. Azeriak, katagorriak, erbiak, txantxangorriak… basoko animaliak ikus ditzakegu kolore bizi eta trazu markatuez eginiko ilustrazio ederretan. Protagonistak, aldiz, ez du batere ikusiko basoa kaleko begiradaz begiztatzeagatik.
Umorea du kontakizunak, naturaren eta gure ingurumenaren defentsa puntua ere bai. Baina, batez ere, iloba eta aitonaren arteko jolasaren eta basoko animalien erakusleihoaren adibidea dugu liburua; gure basoan dauden animaliak ezagutzeko eta maitatzeko obra.
Axpik ederki lortzen du testuaren eta ilustrazioaren arteko konbinaketa; ikusleak primeran jasotzen ditu egilearen asmoak, protagonisten sentimenduak, errealitatearen isla. Irakurleak istorioa jarraitzen du arazorik gabe eta protagonisten nondik norakoekin jolasteko aukera paregabea eskaintzen dio irakurleari edo liburuaren irakurketa konpartitzen duenari. Liburua, batik bat, jolasa delako; eta jolas horren unerik gorena amaieran ikus dezakegu, aitonak ibilaldiaren hurrengo goizean iloba esnatzen denerako prestatu dion opariarekin.
Liburu goxo eta aberatsa; irakurketa asko eskaintzen dituena txiki-txikientzat baina, baita ere, helduagoentzat ere.