argia.eus
INPRIMATU
Ziryab, IX. mendeko ‘influencerra’
  • Mosul, 789. Abu Al-Hasan Ali ibn Nafi jaio zen abbastar kaliferriko hirian. Ziryab (zozo) izenez egin zen ezagun, bere azal ilunagatik eta, batez ere, ahots ederragatik, Ibn Hayyan (987-1075) historialariaren arabera.

Nagore Irazustabarrena Uranga @irazustabarrena 2021eko irailaren 22a
(Argazkia: Vatikanoko apostoluen liburutegia)
(Argazkia: Vatikanoko apostoluen liburutegia)

 Dohain horri esker, Ishaq al-Mawsili maisuak kalifaren gortean sartu zuen, baina ikasleak maisua gainditu zuenean, jelosia eta bekaizkeria medio, dizipuluak Bagdadeko gortetik ihes egin omen zuen 822an. Beste iturri batzuen arabera, lehenago utzi zuen hiria, 813. urtean, eta Siria eta Ifrikian ibili ondoren, musikari ibiltaria Kordobara abiatu zen. Abd ar-Rahman II.a emir berriak beso zabalik hartu zuen han, batetik, omeiatarrak Bagdadeko abbastarren etsai amorratuak zirelako eta, bestetik, emirrak Kordoba Europako kultura hiriburu nagusietako izatea nahi zuelako. Handik aurrera Ziryab Kordoban bertan bizi izan zen, eta hantxe hil zen 857an. Eta, hala ere, bere eragina urrutira iritsiko zen hainbat arlotan.

Kordoban bere musika dohainak garatzeko eta zabaltzeko askatasuna eta baliabideak izanda, Europako lehenengo musika kontserbatorioa sortu zuen. Bertan, ikasleek afinazioa, gorputz adierazpena, a capella kantatzen, errezitatzen, konpasa jarraitzen... ikasten zuten. Ikasgaiak ikusita, garbi dago kontserbatorioan kantua lantzen zela bereziki, baina Ziryabek musika tresnei ere ekarpenak egin zizkien. Ud izeneko ekialdeko lauteari bosgarren soka erantsi zion; horixe izango zen gitarra klasikoaren jatorria, oraindik beste soka bat gehitzea falta arren.

Gastronomian, lehenengo pisto errezeta berea omen zen –Ameriketatik tomateak eta piperrak ekarri baino lehen egiten zen pistoaren bertsioarena behintzat–. Baina bere platerik ezagunena, Al-Andalusen mugak gainditu zituena, zirbaya izan zen, esnez, haragiz eta arbendolaz egina. Kataluniako menjar blanc, Frantziako blanc-manger eta Italiako biancomangiare platerek hor dute jatorria. Salda eta zizka-mizketatik hasi eta azkenbururainoko plateren ohiko ordena ere berak iradoki omen zuen.

Fundamentuzko edozein influencer-ek bezala, janzkeran eta estetikan ere arrastoa utzi zuen. Garai hotzetan kolore ilunez eta beroetan kolore argiz janzten omen zen , eta goizerako, arratsalderako eta gauerako jantzi egokiak ere bereizten zituen. Gizonen artean ile-kopeta luzea modan jarri zuen, emakumeentzat apaindegiak zabaldu zituen eta ile-apainketa, depilazio eta kosmetika eskolak ematen zituen estetika institutu modukoa ere sortu omen zuen.

Beti ere Ibn Hayyanen arabera, hamar seme-alaba izateko astia ere izan zuen.