Parisen ireki da, irailaren 8an, 2015eko azaroaren 13an, ostiral gau terrible hartan, Saint Denisko kirol-zelaiaren aldamenean, XI arrondizamenduko tabernen terrazetan eta Bataclan kontzertu gelan gertatu sarraskien antolatzaile susmatuen kontrako mega-auzia: 1.800 parte zibil agertuko dira, 131 biktimen familiak eta beste hainbeste lekuko ere. Auziak bederatzi hilabete iraunen du eta denek espero dute hogei auzipetuek argituko dutela amesgaiztozko gau haren haritik zer zuzen pasatu zen eta nola heldu ziren horraino.
Hemezortzi hilabete lehenago, Siriako Raqqa hirian ISISek planifikatu atentatuek Paris, eta geroago Brusela, odoletan utzi zituzten. Komando kideak oro ekintza-suizidio horietan hil ziren beren zinta-bonbak zartarazi zituztenean. Kideak oro, bere burua salbatzea eta Parisko atentatuen ondotik Belgikara itzultzea lortu zuen Salah Abdeslam salbu. Molenbeeken atxilotu zuten 2016ko martxoaren 18an. Geroztik preso dago eta mutu: ez dakigu oraino zergatik ez zuen bere burua zartarazi, gerrikoak ez ziolako funtzionatu ala azken momentuan koldarkeria zirrista bat pairatu zuelako?