argia.eus
INPRIMATU
Sendabidea
Laura Penagos Rodríguez 2021eko irailaren 08a

Ahanztura ezagutzen dugu, memoria izan dugu-eta; isiltasunean gure baitara biltzen garenean badakigu zerbait ahaztu dugula. Zer ote da?

Gaur egun, gero eta gehiago, gau ilunean murgilduta bizi gara; sinesteari utzi dion jendartea da gurea, amesteari utzi diona, benetako errealitatea ez ikusteko bizkarra ematen diona. Ergelak ginela esan ziguten, ez genuela deus balio, dena gaizki egiten genuela, basatiak, itsusiak, beltzak, zuriak, gorriak, horiak, astalapikoak, pobreak ginela esan ziguten, eta guk sinetsi egin genuen. Pixkanaka, hutsik sentitu ginen, beldurrez betetzen joan ginen, dena desitxuratu zen, taldetik, tributik, animalietatik eta basotik deskonektatu ginen. Gure boterea galdu genuen. Etorkizunaz hitz egin ziguten, segurtasunaz, zigorra eta saria sortu zituzten, bizitzeko morroi-lana inposatu ziguten. Otzandu egin gintuzten.

"Helmuga mikatz batera moldatu eta etsi egin behar dugu ala gillotina dantzatu behar dugu elementu eraldatzaile gisa?"

Gure otzantzea urteetako, hamarkadetako eta mendeetako prozesua izan da; antzinako eta milaka urteko kulturak zertan geratu diren ikusi besterik ez dago. Antzinako jakinduria barregarri utzi eta estigmatizatu egin zuten, Tawantinsuyun esaterako (Kolonbia, Venezuela, Ekuador, Peru eta Boliviaren jatorrizko izena kitxuaz), errukirik gabe ezarri zieten legea, “zibilizazioaren” legea, jainkoaren eta gizonen legea; ukatu eta lurretik erauzi zituzten. Bertako jendeari bere kultur erreferenteak suntsitu zizkioten. Gizakien arteko, arbasoekiko eta naturarekiko harremanen zentzu sakona ezabatu zuten. Pertsona baten banakotasuna ez da existitzen isolamenduan, taldearen eta pertsona bakoitzak bere baitan hartzen duen lekuaren arabera soilik garatzen baita.

Gizarte mindua gara, gaixorik eta ingurumenetik isolatuta sentitzen gara, eta, hain zuzen, gabezia horrek dakar zauritu izatea, gure mendebaldeko gizarte industrializatuen gaixotasuna.

Geure zauritu izaeran, bizitzaren mamia lurperatu genuen, eta betetzen gaituzten jarduerek eta sendabidea erakusten digutenek huskeria dirudite. Zer egiten ari gara mundu honekin? Zein ametsi jarraitzen diogu amildegira bagaramatza ere? Esna gaude? Lotan? Bizirik ala hilik gaude? Noraino joan behar dugu oroitzeko? Zenbat belaunaldi sendatu behar ditugu? Zein istorio desegitea tokatzen zaigu? Helmuga mikatz batera moldatu eta etsi egin behar dugu ala gillotina dantzatu behar dugu elementu eraldatzaile gisa? Edo posible izango ote da noizbait gizateria argiztatu zuen lehen sua aurkitzera eraman gintuzten dohainak eta talentuak berreskuratzea?