argia.eus
INPRIMATU
HUMANITATEAREN UNE GORENAK
Zenbat argi
Aritz Galarraga 2021eko irailaren 07a

Egingo ez nituen bidaiak aipatuz joan nintzen zutabe hauetatik oporretara. Baina uste baino gehiago bidaiatu gara azkenean, uste gabeko lekuetara: hipermerkatu, merkataritza-gune, saltoki handi deitu horietara; auskalo seme-alabak jada koskortu xamar daudelako, adoleszentzia esaten diogun garai horren hasieran –eguraldiak ere lagunduko zuen, noski–. Eta, haurrekin egiten diren gauza ia guztiak bezala, nostalgia ariketa bat izan da bidaia horietako bakoitza. Izan ere, adin batetik beherakoentzat, jar dezagun 40 urte, hor egon dira beti hipermerkatuak. Lehen haurtzarotik. Gure kasuan, Oiartzungo Pryca. Zenbat gauza ezagutuko, zenbat gauza biziko genituen bertan, zenbat bonba abisu, adibidez. Annie Ernauxek aipatzen du eskualdeko beste merkataritza-gune mitikoa, Mamut, Begira zenbat argi, maitea izeneko liburuan: bi urteko tartean saltoki handietara egindako bisitak jasotzen ditu orriotan.

Liburu bitxia, aski arraroa baita hipermerkatuak agertzea literaturan –Ernauxen galdera: zenbat denbora behar du errealitate batek duintasun literarioa lor dezan?–. Egia esan, ez dakit zergatik –tira, ez da intuitzen zaila–: giza kondizioaz hitz egiteko paisaia ezin hobea iruditzen zaizkit-eta, zoriontasuna gauzak erostearekin lotzen den mundu honetan, amets, desio, gehiegikeriaz beteak, festa bat. Egia da gero kontsumitzailearen erosotasuna, otzantasuna, etsipen soziala bultzatzen dutela, kapitalismo neoliberal azukreztatuaren haragiztatzea direla. Baina egia da, halaber, urteak pasa, beste kontsumo ohitura batzuk finkatu, eta niri ere ez zaidala gutxitu leku hauen, eta bertan gauzatzen den bizitza kolektibo, sotil, bereziarekiko erakargarritasuna. Esango nuke gainera hipermerkatuei bizkar emanez nekez ezagutuko dugula gaur egungo errealitate soziala. Etxetik egindako erosketek desagerrarazi baino lehen, beraz, giza-kutxazainen urritzea horren adibide, jarrai dezagun disfrutatzen hipermerkatuez.