2021a Ekialdetik etorri dela entzun nion Hedoi Etxarteri. Iruñerriko Chill Mafia, Ben Yart, Ibil Bedi eta Tatxers nahikoa genituzke baieztatzeko. Ekialderago oraindik, Donibane Garaziren bueltan, Habia-ren estreinako lanaz gain, badugu urteko beste disko bat: irailaren 8an kaleratuko duten Diabolo Kiwi-ren Uhin Galduak diskotzarra. Guk primizian entzuteko zortea izan dugu.
Sartu kokteleran Parcels, Tom Misch, Yussef Dayes, Daft Punk, Ariana Grande eta Funkadelic-en One nation under a groove eta agertuko zaizu Uhin Galduak-en lagin bat. Osatzeko, baxenabartar umorea eta ironia beharko dituzu –“Bixkotx zaleen kluba” ze ona–, eta amaitzeko, gehitu eszenografia intergalaktikoa, diskoaren estetika hor kokatua baita.
2010eko hamarkadak eman duen baxu-bateria bikote hoberena da Etxeberri anaiena, Pelaxekoak gainditzea zaila bazen ere. Julenek bateriak sendo eramateaz gain, ohikotasunetik ihes egingo du, erritmo zailenetan ere ausardiaz erantzunez. Allanderen baxua berriz, soinu eta groove aldetik paregabea da, hitz askoz gehiago ezin dut esan. Kamaal Williams Dabadabara datorren hurrengoan, musikaririk gabe badator, badu nor fitxatu.
Leire Iribarneren ahotsa, batzuetan apal geratzen bada ere, gai da indarra eta goxotasuna aldi berean emateko. Melodietan ez dugu aurrez ikasitako errazkeriarik, baina ezta ere alferrikako apaingarririk. Neurritasunaren edertasuna da Iribarne diskoan. Zuzenean beste maila bat da...
Eta azkenik Amaiur Epher-en gitarrak ditugu. Idazle, aktore eta nahi beste arteren artean, funk gitarra garbi bikainak eskaintzen dizkigu, gitarra-jotzaileen protagonismoari uko eginez, kantua zoragarri lagunduz. Instrumentuak isolatuta disko bana atera lezakete.
Zitokinen Ortzantza bideo-single harrigarria kaleratu dute. Erritmo konplexua aletzen lagundu digu Allandek, 13/8an baitago, 1-2-3-4, 1-2-3-4, 1-2-3-4-5, baina hala ere ez du galtzen dantzarako bulkada. Teoriak kantuak harrapatu nau ni, negazionistei eta konspiranoikoei irri egiten die bidaia kosmikoan: “Arrazoin zinuten / Lurra xabala da / Eta guk ez dugu deus entzun nahi izan / Giza-narrastien erresuman gira / Itsuki bizi aspaldian”.
Laukote indartsuak jolasa du helburu eta euren buruarentzat egindako diskoa dela dirudi. Erronka aise gainditu dute. Zein erronka? Nu-Jazz deitu zaion lehen euskarazko diskoa egitea, adibidez, edo erritmo konplexuetan hegan igarotzea, entzulearentzat inolako esfortzurik gabe. Rocka, funka eta jazza denak segidan, batetik bestera jauzi eginez, eta gainera dantzatzeko eta gozatzeko prest. Esana dut lehenago, Diabolo Kiwi da Euskal Herriko talderik onena edo izango da. “Betiko iraun dezala / DBKren grooveak bezala”.