argia.eus
INPRIMATU
Tipikoa mitiko
Arkaitz Zarraga Azumendi @azarramendi 2021eko irailaren 03a

Mitikoa eta tipikoa nahasten dituzte gaur egungo gazteek. Gaztelaniaz bereziki, baina baita euskaraz ari direnean ere. Tipikoa den egoera deskribatzeko erabiltzen dute “mitiko”: “Mitiko norbaitekin zoazela igogailuan, biok isilik...”. Berez, mitikoa gogoangarria da eta ohikoa tipikoa, baina erabilera librea da eta hizkuntza bizia.

Kontzertuak, gertakariak edo esaldiak izaten dira mitikoak. Esaldi mitikoa da, adibidez, “Hizkuntza bat ez da galtzen...”. Nahaskorra da jarraian esateko, baina barneratuta ditugu hitz-jokoa eta zentzua. Ate askoren gainean egon da zintzilik, zuri-beltzean, euskaldunon hizkuntzarekiko konpromisoa xaxatzen, tipiko bihurtu arte.

Esaldia sortu zeneko euskaltzaleek izugarrizko lana egina zuten. Euskara ezkututik esparru guztietara eramana zuten eta tresna sorta ikaragarria sortuta. Argi zegoen euskararen egoeraren ardura ez zela soilik hiztunona, alegia, erakundeek eta arduradunek neurriak eta baliabideak jarri behar zituztela: D eredu orokorra, hizkuntza plangintzak, diru-laguntzak, paisaia linguistikoa, erabilera kuotak...  Eskubideen bermeak hartu zuen lehentasuna.

"Esaldi mitikoek ikuspegi edo ideia baten esentzia biltzen dute eta fokua bideratu. Azken boladan nago gazteentzako fokua Artzerenean jarri beharko genukeela"

Ordizian Lazkao Txikiren beste esaldi mitiko bat eraman dute mural erraldoi batera: “Martxa honetan aurki erderaz hitz egingo dugu euskaraz ari garelakoan”. Ez da Artzerena bezain esaldi hedatua; euskaldun gutxik ezagutzen zuten orain gutxira arte, “erdigunekoenek”. Erdi-erdian bertsolari txikia, koloretsu, irribarretsu gure hizkera zaintzeko eskatuz.

Ohikoa izaten da aldatzen ari denaren aurrean beldurrak eta erresistentziak sortzea, eta horren adierazgarri dugu esaldia. Aldizkari honetan bertan 1991n egindako elkarrizketan ere “Euskara, benetakoa, zaharra da” eta “laster bai esan beharrean ‘si’ esango dugu eta egokiagoa irudituko zaigu” bezalakoak bota zituen bertsolari txikiak. Konfuziok berak, k.a. 500. urte inguruan gazteen hizkera kritikatzen omen zuen.

Esaldi mitikoek ikuspegi edo ideia baten esentzia biltzen dute eta fokua bideratu. Azken boladan nago gazteentzako fokua Artzerenean jarri beharko genukeela berriro ere. Izan ere, gazteek inguruan dituzten gehienak euskaldunak dira (%80tik gora), erakunde gehienetan plangintzak daude, baina eskaria falta da. Inoizko aukerarik handiena dute euskaraz bizitzeko eta zailtasunak eta eskubide urraketak identifikatu eta salatzeko.

Baina, horretarako euren kontzertu, gertakari eta esaldi mitikoak bizi eta sortu behar dituzte, erabilera eta jarrera proaktiboak tipiko bihurtu, eta topikoak, topikazoak, baztertu.