argia.eus
INPRIMATU
Naziogintza, ezinbestean
Karmelo Landa 2021eko irailaren 01

Sitsak janda daukagu Euskal Herria, pipiak jota txoko eta bazter guztietan, zuloz beteta nonahi. Ez dago hiri, herri edo auzorik non euskaldunak une oro bere hizkuntzan iraun dezakeen egun oso bat, hasi goizetik eta gauera arte. Nazio baten ardatza bere hizkuntza baldin bada, eta horrela da izan, gurea egoera benetan larrian dagoela esan behar dugu. Hau bai dela emergentzia egoera, Euskal Herriaren iraupenari begira behintzat.

Okerrena da gure adituen eta arituen artean, hau da, ordezkari politikoen eta alderdien eremuan, inork ez duela txerto egokirik eskaintzen benetako nazio-pandemia honi aurre egiteko. Are okerrago, larrialdiaren tamaina eta neurria asmatu dutenik ere ez du ematen.

"Nazio eraikuntzan, gure traineruak 'hautsiak ditu arraunak eta arrakak ditu ontziak', Gandiagak zioen eran"

Aldiz, ikuspegi objektibo batetik, kasuak ez du zalantzarako tarterik eskaintzen. Euskal Herria nazioa proiektu nahi eta ezina ari da gertatzen luzaroan. Nahi dugu, baina ezin dugu. Zergatik da ezina? Borondatea izanda ere, ez dugu tresna nahikorik, ez dugu proiektu zehazturik eta guk geuk ez dugu biderik markatzen. Erabakitzeko eskubidea da aldarria, baina ez dakigu zeren alde erabaki daitekeen. Independentzia aipatzen da noizean behin, baina inork ez digu noiz, nola eta zertarako argitzen. Euskal Herriaren nazio eraikuntzan, gure traineruak “hautsiak ditu arraunak eta arrakak ditu ontziak”, Gandiagak zioen eran.
Monarkia espainiarra eta errepublika frantziarra gainezarri zitzaizkigun aspaldian, eta bi polisistema horien azpimultzo bihurtu gaituzte.

Polisistemen azterketak argi diosku hauek zer diren, nola antolatzen diren, ze baliabide dituzten ezinbesteko (sine qua non) bizi irauteko, eta zer gertatzen zaion polisistema horietako bakoitzaren azpimultzo bihurtzen denari. Baina norbaiti hau abstraktuegi egiten bazaio, are gardenago ikus daiteke aplikazioan: zu, gaurko egunera etorrita, monarkia espainiar parlamentario eta konstituzional horretan kokatzen bazara (edo horretara behartzen bazaituzte) eta duzun kokapen horretatik jokatu, nahiz independentzia gura, praktikan monarkia espainiarra bera eta polisistema espainiarra indartu besterik ez duzu egingo.

Adibide baterako, Madrileko gorteetan jokoan zabiltzala, “euskaldunon zati baten interesen alde” arituta ere, neurri handiagoan egiten duzu, bertan jokatuz, polisistema espainiarraren iraupenaren alde, sistemak berak hori ziurtatzen duelako. Adibide zehatzagoa: zu euskalduna zara, euskaltzale zintzo eta ekina, baina Altsasun, Tolosan, Agurainen edo Bilbon bizi bazara, gaztelera jakin eta ezinbestean erdal hiztunekin topo eta berba egin beharko duzunez, gaztelera darabilzun unetik bertatik, gaztelerari mesede eta euskarari kalte egiten diozu, nahi ala ez. Gaztelera bihurtzen ari zarelako unibertsal dominantea Euskal Herriko edozein eremutan. Polisistema espainiarraren iraupenerako ezinbesteko baldintza eta bermea horixe baita, hain zuzen. Gure arteko euskaltzalerik behinenak ere kalte egiten dio euskarari Euskal Herriko edozein txoko, komunikabide edo gunetan gaztelera darabilenean, gaztelerari ematen diolako unibertsaltasuna eta neurri berean euskarari kendu.

Euskara garatzeko, beraz, bere eremuan polisistema propioaren hizkuntza unibertsalizatu eta nagusi bihurtzea beste erremediorik ez dugu. Horrek esan nahi du, bidean gaztelera desikasi beste erremediorik ez dugula izango. Beste horrenbeste frantsesaren kasuan.

Gure naziogintzaren itsasontziak behar duen ardatza edo masta nagusia euskara baita, zeinik gabe ezingo dugun oihalik zabaldu, askatasun haizeak hartu eta portu egokira abiatu.

 

*Oharra: akats baten ondorioz Karmelo Landaren artikulu honi azken bi parrafoak falta zaizkio

paperezko edizioan –2744 zenbakia–. Hemen duzue osorik. Barka eragozpenak.