argia.eus
INPRIMATU
Donibane Lohizune
Landare-baratze botanikoa, itsasertzeko ingurune naturalaren erakusleiho
Garazi Zabaleta 2021eko irailaren 01

Itsasertzean egotea da Donibane Lohizuneko landare-baratze botanikoaren bereizgarrietako bat. “Bizi-baldintza bereziak dira itsaso ondokoak, eta bertako landareen berezitasunak erakustea da gure asmoetako bat”, azaldu du Jon Sudupe teknikariak. 2008an ireki zituen ateak parkeak, elkarte batek bultzatuta. 2013. urtetik Udalak kudeatzen du landare-baratzea, baina helburuak bera izaten jarraitzen du: itsasertzeko ingurune naturalen dinamikak aurkeztea.

Haizeari eta gatzari aurre egin behar

Lorategi botanikoaz baino, landare-baratzeaz hitz egiten du Sudupek. “Lorategiak loreari baino ez dio egiten erreferentzia, eta pena ematen dit horrek, lorea landarearen zati bat delako, eta batzuk lorerik ere ez dute izaten”, dio. Bada, bi hektareako lur zatia hartzen du landare-baratzeak, eta mila landare espezie inguru topa daitezke bertan. Aipatu bezala, itsasoko espezieek garrantzi berezia dute. “Badira landare batzuk hemen bakarra aurkitzen direnak eta mehatxuan daudenak, itsasertzeko ingurune naturalak presio handia dutelako”. Azken batean, gizakiaren jardueraren eta eraikuntzen ondorioz itsasertzeko ekosistemak murrizten ari dira pixkanaka.

Zeintzuk diren itsasertzeko landareen ezaugarriak? Nabarmenenak haizea eta gatza direla dio teknikariak. “Haize bortitza izaten da askotan itsasoaren parean, eta horregatik, landare edo zuhaitz handirik ez da egoten”. Gatz kantitatea ere landare gutxik jasan dezake, ura galarazten baitie eta horren aurka egiteko egokituak egon behar direlako. “Landareek ur erreserbak egiten dituzte hostoetan, eta morfologiari begira ere txikiak izaten dira, arrastariak, lurretik hurbil egiten direnak eta ez handitasunean hedatzen direnak”, gehitzen du.

Mila landare espezie, bi hektareako baratzean

Itsasertzekoaz gain, bestelako inguruneak ere aurkituko dituzte bisitariek landare-baratze botanikoan. Girondako eta Landetako pinudi berezia, munduko bost kontinenteetako landareak biltzen dituen gunea, landare erabilgarriena –tartean sendabelarrak eta baratzekoak–, eta beste zenbait bilduma. Landarediaz gain, itsasertzeko faunaren inguruko azalpenak ere ematen dizkiete bisitariei. “Landaredia ingurumena orokorki lantzeko abiapuntu bat da ingurumena, fauna eta floraren arteko loturak egiteko, polinizatzaileez hitz egiteko…”, dio Sudupek.

Udaberrian irekitzen dituzte ateak, martxo bukaera aldean, eta urri bukaera arte egoten da zabalik landare-baratzea, udan egunero eta udatik kanpo asteburuetan eta asteazkenetan. Bisitez gain, animazio, tailer eta zikloak ere antolatzen dituzte, eta inguruko eskoletako ikasleen bisitak ere maiz-maiz izaten dituzte.