argia.eus
INPRIMATU
Arriskuarekiko maitasuna
Iñigo Basaguren-Duarte @inigob_d 2021eko abuztuaren 31
Argazkiak: Iñigo Basaguren-Duarte

1909an argitaratu zuen Filippo Tommaso Marinetti artista italiarrak Manifestu Futurista. Testu hartan “arriskuarekiko maitasuna, energiaren eta ausarkeriaren ohitura [...] Ausardia, adorea eta errebolta gure poesiaren funtsezko elementuak” zirela aldarrikatu zuen. Argitaratu zen garaian baino, urte batzuk geroago izan zuen arrakasta testuak, 1920ko hamarkadan, Gerra Handia eta munduko gripe pandemia iraganeko kontuak zirenean. Gizartean, bereziki burgesiako kideen artean, bizi pultsioak gogor jo zuen eta hedonismoarekiko jarrera kamikazea hedatu zen. Kontsumo gizarte kapitalista izan zuten erregai eta gizarte tradizionalaren konbentzioak jomuga. Espiritu eta garai hori ditu aztergai Urte eroak. 1920ko hamarkada erakusketak.

Urte eroak.
1920ko hamarkada
Noiz: maiatzak 7 / irailak 19
Non: Bilboko Guggenheim museoa

Izenburu topikoa du eta garai horri ezarri zaizkion topiko -batzuetatik- ihes egiten duen arren, ohikoak diren erreferenteak aipatzen ditu. Topikoak ere historia errepikatu egiten dela dio eta hala da erakusketan. 1920ko hamarkada mende honetakoarekin parekatzen da behin baino gehiagotan eta antzekotasunak agerikoak dira. Hala ere, diskurtso hegemonikoan zirrikitu batzuk sortu eta garai hartako bi aldeak erakusten ditu. Zazpi multzotan antolatutako 300 artelanetik gora erakusten dira. Zazpi ikuspuntu garai baten argazkia osatzeko: teknologia, aisia, arkitektura, moda, sexualitatea, gorputza eta komunikabideak. Askotariko ikuspuntuak oso modu erakargarrian aurkeztuta. Erakusketa ikusi ondoren abiaduren sentsazioa geratzen da, arriskuarekiko maitasuna zuen gizarte burgesaren irudikapen bikaina egin denaren seinale. Bizitza erre nahi zuten gizaki haiek. Heriotza, miseria eta hondamendiak hurbiletik bizi izan zituzten eta bazekiten, nolabait, iluntasun hura guztia itzul zitekeela.

Manifestu Futuristan aurrera egin ahala ideia ilunekin egingo dugu topo: “Gerra –munduko higiene bakarra–, militarismoa, abertzaletasuna [...] Edozein eratako museo, liburutegi eta akademiak hautsi nahi ditugu, eta moralismo, feminismo eta zitalkeria oportunista edo utilitarista guztien aurka borrokatu”. Modu berean, urte eroek ere beraien alde iluna zuten. Gerraren bortizkeria eta kapitalismoaren gehiegikeriak latente zeuden bizipozaren azpian. Kontsumoaren azal meheak ezin zituen orbainak ezkutatu. Indarkeria horrek lekua du erakusketan. Leku txikia, aukeran, garrantzia agerikoa baita, are gehiago pribilegiatu gutxi batzuen festaren biharamunak ekarri zituen garai ilunen jakitun garelako.