Amaierarik gabekoa gertatzen ari zait uda, aitortu behar dut maluruski.
Azken denboretan, etxekoak, maisuak, ikusi ditut jo hara eta jo hona, egonaldiz egonaldi, batean mendira, bestean lagunartera, bestean manifestalditara, kontzertutara... Gero eta gutxiago daude etxean. Bitartean, ni, Pitxitxi, hementxe, loaldi eta gaueko ehizaldien artetik, begi artekatik zain, ea noiztik noizera agertzen zaizkidan. Egia osoa aitortzeko, beldurtzen naiz tarteka: eta ez balira itzuliko? Ahantziko banindute?
Iaz, izan zuten garaia, ez baitziren alde hauetatik lekutzen. Nardagarriak bihurtu zitzaizkidan, egiazki. Goizetik arrats nituen inguruan. Haizatzen ninduten gela batetik bestera, bisio-konferentzia zutela eta nik dakit zer, nehork ez ninduela ikusi behar pantailaren bestaldetik, ez zuela serio eginen, profesional hots, alfer plantak zirela, erosotasun indezentea katua belaunetan jardutea. Hizketa gaiak oro zituzten eritasun bati buruzkoak, txertoa bai ala ez, amatxirengana itzulia ote eta holakoak. Eta ez dizkizuet aipatzen astebeteko isolamendu sanitarioaren asteko komeriak! Ez omen zen bizirik. Haiek ziotela! Eta nik nioela intimitate gutxi! Behintzat ez nuen arrotzen usainik eta ferekarik jasan beharrik, ez lagun arteko bateratzerik, ez aperitifa zaratatsurik, eztabaidarik, familia bazkaririk, ez haurrik buztanetik tiraka. Gaitz-erdi.
"Zerotik ehunera pasa zaizkit. Udako etenaldia hasi denetik, gainerakoari gehitu behar mendi txangoak, hondartzan egun pasak eta ilunabarren ikusteak"
Hastapenean kexu, baina azkenean jarri ziren ongi bizimoldeari. Etxezulo hutsak bihurtu arte. Nehork ez zuen bulegora edo eskolara berriro joateko gogorik. Pentsa! Ai-aika alde egiten zuten goizetan.
Poztu nintzen uda hurbildu zenean, poliki-poliki, hasi baitziren gutxiago hemen gaindi egoten. Hastapenean, bizi sinple eta animatura itzultzen zirela zirudien. Baina laster deabruaren martxa izan zen hauena. Beti zegoen filma bat ikusteko edo kontzertu baterako moldea. Euskararen kontrako eraso bat nonbait izaten zen ber, mobilizazioetan ziren. Hilabete bakarrean hiruzpalau aldiz, ongi gogoratzen banaiz. Aspaldian ez bezala, hots. Alta, irratietatik zabaltzen ziren zertzeladetan harrapatu izan nuen euskara bide onean zebilela. Etxebizitzaren arazoa arrazoi bat gehiago izan zen, hor ere leku bezainbat problema. Arbonan pasa zituzten bi egun. EHZn beste bi egun iragan ondoan. Joan-etorri bakoitzaren ondotik kexaka itzultzen zitzaizkidan, bideetan gaindi ezin ei dela ibili, turismo masiboarengatik, Airbnb delako bat kausa, garraio politikak ez duela piperrik balio, beti gauza bera dela, deus ez dela konpontzen, denetan egon beharra dagoela. Amnesikoak ote dira? Ez dakit ohartzen ote diren betiko gaiak direla, betiko arazoak.
Eta horra. Zerotik ehunera pasa zaizkit. Udako etenaldia hasi denetik, gainerakoari gehitu behar mendi txangoak, hondartzan egun pasak eta ilunabarren ikusteak. Bukaerarik sekulan izanen ez duela dirudi. Bederen orain arte, ez dute ahantzi ene katiluetan uztea bizirauteko doia. Ez da luxuzkoa, kroketa meta bat eta pâté bat. Urarengatik, ez dut kezkatzerik: auzoko ur txirripara joanen naiz.
Atzo goizean, autoa kargatu eta ospa egin zuten, ulertu ez nien leku batera. Abian zirela ohartzeko artean, eskaileratan behera etortzeko denborarik ukan gabe, atea klask hertsia zuten eta gakoari bi itzuli emanak. Kaka zaharra! Ea noiz arte goaitatu beharko dudan. Ez nuen uste nehoiz holakorik erraitea: berantetsia dut iraila, itzul daitezela lan eta eskolara, beste gisaz, hala segituz gero, kronika baino testamendua baitut idatzi beharko.