argia.eus
INPRIMATU
HUMANITATEAREN UNE GORENAK
Liburuen suizidioa
Aritz Galarraga 2021eko abuztuaren 01

Gertatu zen lehen aldian ez nion garrantzirik eman: lanean ari nintzen, ordenagailu aurrean, zarata lehor bat entzun nuenean. Askotan gertatzen da gure etxean, inork zerbait lekuz kanpo utzi, leku ez bereziki seguruan, eta handik denbora batera zerbait hori lurrera erortzea. Gero, gainera, auskalo ur bila edo komunera altxa nintzenean, ez nuen ezer berezirik nabaritu, eta lasai jarraitu nuen lanean. Handik egun pare batera gertatu zen bigarren aldiz, bakarrik nengoela berriro, gertuago oraingoan; lehen eguneko kolpe lehorra errepikatu zen, baina ez hain urrun, ondoko gelan. Altxa nintzen begiratzera, lehen zarata gogoan, ez nuen ezer berezirik ikusi, ordea, ohiko anabasa pareta-lurretan. Txori batek leihoaren kontra kolpea hartuko zuela pentsatu nuen, gertatzen baita batzuetan. Hirugarren aldiz entzun dut zarata gaur goizean, ni nengoen gelan berean, eta argi eta garbi ikusi ahal izan dut zer gertatu den azken egunotan: liburuak erortzen dira apalategitik zorura.

Ea, kontatzen ari naizen hau asmakizun bat dela pentsatu baino lehenago: liburuak dauzkagu etxeko gela guztietan, bospasei bizitzetan irakurtzeko beste, gehienak apalategietan txukun sartuta, gutxi batzuk azala erakutsiz, ikusleari begira: irakurri eta gero jartzen ditut hala, edo aurki irakurtzeko desioz, bai eta azal ederra dutelako ere, begientzako plazer. Hiru hain jarraian lurrera erortzeak zerbait esan nahi al du? Zerbait esan nahi al didate erori diren liburuek? Eta, galdetzen hasita, erori egin dira, edo beren buruaz beste egin dute? Jeloskortasunagatik, agian, eurekin apalategia konpartitzen duten liburu batzuk zutabeotan aipatu ditudalako, eta eurak oraindik ez? Irailetik aurrera ere, kontu handiagoz noski, arreta bereziz aukeratuta, irakurritako liburuak egongo dira zutabe hauen oinarrian. Konturatu bainaiz puskaz hobeak direla liburuez ari diren zutabeak. Eta, batez ere, ez dudalako nire erruagatik liburu gehiago suizidatzerik nahi.