argia.eus
INPRIMATU
Adi Dalton anaiekin!
Iker Barandiaran @IkerBarandiara 2021eko abuztuaren 01
Baams | Last chance | Artza Records, 2021.

Banekien taldea punk-rocketik hurbil zegoela, baina ezer gutxi gehiago. Eta pandemia honetako egun ‘argitsuetako’ batean Urretxun –edo Zumarragan, nork daki!– gozatutako kontzertu batean Motz tabernako ugazabaren postuan aurkitu nuen taldearen binilo koloretsu eta deigarria. Etxera eraman nuen, baina ahaztuta izan dut. Bada, atzo bertan plastikoa kendu, orratzak biniloan lur hartu eta Out of control-ek eztanda egin ahala aho zabalik gelditu nintzen. Zer freskura! Zer indar! Zein ahots sinesgarria! Punk-rock indartsua, itsaskorra, modu dotorean erritmoa, groovea eta ahots beltza txertatuta.

Maila oso ona erakusten du 'kontrolik gabekoak', baina jarraian datorrena ere oso txukuna da: Potion melodikoagoa da eta era berean dantzagarria, Ingalaterrako 77tik eta Real Kids talde maisutik edan duena. Sunset riders malenkonia tanta batzuez bustitako punk-rock melodikoa da. Tarteka Nuevo Catecismo Católico gogorarazi dit. Last chance, pop-a maite duen punk-rock-and-roll-power-pop dantzagarria. Garratz Muturbeltz, AC-DC eta enparauen hard-rockaren aldeko euskarazko deiadarra da. Dance it again Jon Iturbe & Radio Gansters-en tempoa daukan boogie-rock-and-rolla, lasaiagoa. Saturday night, klasikoaren errebisio ederra eta kutsakorra. A day to remember askoz pausatuagoa eta melodikoagoa, power-pop pieza itsaskorra. My dose pub-rockaren eta oinarrizko rock-and-rollaren lekukoa da, gitarrak beti hor. Muddy boots-ek irudikatu dezake, adibidez, The Cars-etik Johnny Thunders gazte batera arteko bidaia gogoangarria. New beginning da power-pop sentikorra, ia kaliforniarra, bere kiribilduak ere badituena. Guilty-k tempo biziagoa du eta maltzurkeria kaletarragoa. Bukatzeko, I won´t worry-k gogora ekarri nahi ditu Detroit-eko soinua, Zen Gerrilla, musika beltzaren erritmoa eta rockaren urgentzia. Ederra!

Baams 2017an Hernanin sortutako boskotea da, eta honako lan dotorea –boskotearen lehen lan luzea– 2020an grabatu zuten Berako MIK estudioan. Bada, Artza Records diskoetxeak lan honetaz gain, taldearen aurreko maketa ere biniloan kaleratu berri du.

Argazkia: J. A. Areta Goñi.