Armada errepublikanoko kideek gutxietsi egin zituzten emakume milizianoak eta gerra eta errepresioa igarota, historiak ahaztu egin zituen. Gizonek idatzitako testuetan emakume borrokalariei ukatutako protagonismoa emateko xedearekin argitaratu dute Tània Ballók (Bartzelona, Herrialde Katalanak, 1977) eta Gonzalo Bergerrek (Bartzelona, 1977) Les Combatents (Rosa dels Vents, 2020) liburua. Modu zorrotzean ikertuta eta analisi historikoaren bidez, emakumeek merezi duten tokia aldarrikatzen dute.
Historia pertsonaletatik abiatuta historia kolektiboa idatzi nahi izan duzue. Zeren, emakume milizianoen profila askotarikoa izan zen arren, bazegoen amankomunean zuten zerbait.
T. Balore demokratiko eta antifaxistak defendatzeko helburuarekin borrokatzera joateko borondateak, keinu politiko horrek batzen ditu. Izan ere, gerran aktiboki parte hartu zuten emakume guztiek ondo zekiten faxismoaren garaipenak Errepublikaren aldarrikapenetik lortutako eskubideen amaiera ekarriko zukeela. Emakumeek armak hartu zituzten jokoan zegoenaz oso kontziente zirelako.
G. Gerraren eszenatoki maskulinora urratsa egin zuten, eta naturaltasunez okupatu zuten gainera. Hori da batzen dituen haria. Bakoitzak bere historia eta berezitasunak izan arren, faxismoari aurre egiteko borondatea ez ezik, betidanik ukatu izan zaien espazio batean, gerran, parte hartzeko borondatea ere izan zuten.
T. Askotan modu subjektiboan hitz egin da haiei buruz, gutxi zirela edo asko zirela esanez. Baina inoiz ez da erreparatu ea zehazki zenbat izan ziren. Zenbaki batetik abiatuta, bakoitzaren bizipenak eta esperientzia propioak erreskatatu ditugu liburuan.
Gezur eta falazia ugari zabaldu dira urteetan zehar emakume miliziano antifaxistei buruz. Zer interesekin eraikitzen da kontakizun hori?
G. Emakume milizianoen memoriaren erabilera bidegabea ez da frankismoan hasten, aurretik baizik. Emakumearen benetako autonomia arriskutsua zen 1936. urtean oraindik ere matxismoa eta misoginia errotuta zeuden gizartearentzat. Emakumeak frontea uztera bultzatzen hasi zirenean erresistentzia egin zuten, eta orduan moralari eragiten dioten kontakizunak eraikitzen hasi ziren. Frankistei primeran etorri zitzaizkien kontakizun horiek, noski, eta betikotu egin zituzten, geroago ia inork kontrastatu ez dituenak.
Hilabeteak igaro ahala, emakumeak atzeguardiara eta zaintzara baztertu zituztela aipatu duzu. Nola azaltzen da emakumeak frontetik kanporatzeko joera 1936-1937 urteen artean?
T. Emakume-boterea binomioagatik. Hizlari eta lider nabarmenak zeuden gerra garaian; Dolores Ibarruri La Pasionaria eta Federica Montseny bezalakoak, gizonek zein emakumeek jarraitzen zituztenak. Botere esparru hain indartsua zuten botere-egitura patriarkalak ere hausten zituztela.
G. Emakumeen ausardia horrek lotsatu egin dezake hain ausarta ez den gizon bat, bere maskulinitatea mindu dezake alegia; beraz, “arriskutsua” zen.
Hedatutako kontakizuna da emakume borrokalariak maitasunagatik joaten zirela frontera, bikotekideekin egoteko.
T. Matxismoan errotuta dagoen errelato tipikoa da. Gerra Zibilari lotutako kontakizunak gizonek eraiki dituztenean, emakumeei egotzi diete autonomia politiko falta hori. “Emakume batek ezin du gerrara joan, ezin du bere erabakia izan”, pentsatzen dute. Eta prostitutak zirela edo gizonen atzetik zihoazela esan ohi da. Argi dago hori ez dela horrela. Ezin da esan kasu guztietan horrela izan zenik, behintzat, ezta dinamika etengabea izan zenik ere.
Prostituzioan aritzea ere leporatzen zieten.
G. Errepublika bera hasi zen zabaltzen frontean zeuden emakumeek infekzio benereoak transmititzen zituztela. Emakumeak frontetik desmobilizatzeko kanpaina izan zen, emakumeek frontea uztea bilatzen zen lotsa sozialak eraginda. Frankistek diskurtso hori indartu zuten, ondoren prentsan eta memoria-testuetan jaso zen, eta trantsizio ostean ere jarraitu zuen.
Kanpaina ona egin zuten. Izan ere, emakume milizianoaren figuraren desitxuratzea gaur egun arte heldu da, Libertarias bezalako filmek indartuta, garai hori irudikatzen duen film erreferentetzat hartzen dena sarritan.
G. Film hori negargarria da, argi eta garbi diot, barkatu. Norbaiti galdetzen baldin badiozu ea zein ideia duen emakume milizianoei buruz, seguruenik pelikula horretan ezarritako rolekin lotuko ditu. Emakume borrokalariari egotzi ahal zaizkion aurreiritzi guztiak biltzen dira Libertariasen. Emakume milizianoen eta Gerra Zibilaren oroimenari kalte handia egin dion filma da.
Historia ahozko memoriaren bidez kontatzearen emaitzetako bat da, horregatik da ezinbestekoa ikerketa dokumentazioan oinarritzea.
Historia testuetan emakume milizianoak aipatzen badira, parte-hartze txikia izan zutela edo denbora laburra egon zirela nabarmendu ohi da, propagandaren sinbolismoa aipatzen da, edo frontean parte hartzeko ustezko erabaki despolitizatua…
T. Emakume horiek ez dira inoiz testuinguru historikorako subjektu interesgarriak izan, gutxiengoa eta “anekdota” balira bezala tratatu dituztelako. Baina hori ez da egia, horregatik datuak eskuan hartuta egia esaten hasteko momentua da. Emakume horien motibazioak zeintzuk ziren azaldu eta errealitate hori 1936. urteko testuinguruan aztertu behar da behingoz. Emakume milizianoena sekulako iraultza izan zen!