argia.eus
INPRIMATU
Euskal nazionalismo hutsala?
Iker Iraola Arretxe @iraola_ 2021eko uztailaren 25

Michael Billig britainiarraren Banal Nationalism lanak (1995) eragin handia izan du nazionalismoari buruzko ikasketa akademikoetan. Lana oraindik euskaraz ez dugun arren, katalanez 2006an eman zen argitara, Valentziako Unibertsitatearen laguntzaz, eta gaztelaniara zortzi urte geroago itzuli zuten (frantsesez ez dago, nik dakidala). Nazionalismo hutsal kontzeptua eremu akademikotik harago ere zabaldu da, batzuetan liburuaren zentzutik pixka bat aldenduta bada ere. Izan ere, Billigek hutsal horrekin ez dio inolako garrantzirik kendu nahi nazionalismoari, kontrakoa baizik: nazionalismoa ezin da ideologia batera mugatu, gure gizarteen funtsezko ezaugarria baita, batzuetan ezkutuan gelditu arren.

Billigek bere lana nazionalismoaren indarra zalantzan jartzen zen garai batean eman zuen argitara. Eremu akademikoan nazionalismoa lehenaldiko zerbait moduan ikusten zen, gutxienez estatu-nazionalismoen kasuan; eta garai hartan gertatzen ari ziren nazio gatazka ugariak –izan Jugoslavia ohian, izan Sobietar Batasuna izandako eremu zabalean– eremu sozialista ohiaren ajetzat, edota indar atabikoen agerralditzat ulertzen ziren. Edonola ere, ez Mendebaldeko edota lurralde aurreratuetako gai moduan.

"Nazionalismo hutsala hegemonikoa da, sen onean txertaturik dagoena eta, beraz, esplizitu egiteko beharrik ez dagoena"

Baina Billigek nazionalismoa ez zuen bosniarren edota armeniarren praktiketan aztertu, edo Mendebaldeko edozein mugimendu sezesionistaren kasua hartu. Aitzitik, estatu-nazionalismoaren indarra mahai gaineratu zuen, aztergaitzat eguneroko ekintzak hartuta. Lan hau aipatzen denean, askotan adibide bera erabili ohi dugu: nazionalismoaren ikur argiena ez da manifestazio independentista batean erabiltzen den bandera –edo eskuin-muturreko batean erabiltzen dena, nahiago bada–, eraikin ofizial batean, inor konturatu gabe eta higaturik, eskegita dagoena baizik.

Ondorioz, nazionalismo hutsal kontzeptua estaturik gabeko nazio errealitateekin erabiltzeak badu zailtasunik. Berez, estatuen indar normalizatzaileari loturiko ideia dugu, gizartean eragiteko gaitasunari loturik doana. Bestera esanda, nazionalismo hutsala hegemonikoa da, sen onean txertaturik dagoena eta, beraz, esplizitu egiteko beharrik ez dagoena. Zalantzan jartzen ez dugun hori baita benetan gugan txertaturik dagoena.

Euskal nazionalismo hutsalaz hitz egin dezakegu, bada? Batzuetan erabili izan da kontzeptua, egia baita estaturik gabeko lurraldeek ere ahalako dinamikak bultzatu nahi dituztela. Hots, aldarrikatzen den nazio identitatea hegemoniatik herritarren artean zabaltzeko ekintzez ariko ginateke, inkontzienteki hedatzen direnak –arrakastatsuak baldin badira–, eguneroko praktiken bidez: bandera, lurraldearen mapa, ereserkia eta, batez ere, eremu komunikatiboan nagusi den markoa. Albisteetan ‘politikaz’ ari garenean, ‘Euskal Herriko politikaz’ ari garela zehazteko beharrik ez izatea. Ikus daitekeenez, adibide hauetan guztietan zalantzazkoa da euskal nazionalismo hutsalaz aritzerik dagoenik. Batzuetan –ikurrinaren eta lurraldearen izenaren kasuan bezala– Euskal Herri osoaz aritzeko baino, Araba, Bizkaia eta Gipuzkoara mugatzen delako. Eta, beste batzuetan, nazionalismo hutsalaren forman baino, halako dinamikak gehiago direlako erregionalismo hutsal moduko bat.

Ziur aski, independentismoarentzat helburua izan daiteke Euskal Herrikoa nazionalismo hutsal izatera iristea, nazionalismo irabazle eta eraginkor batez ari garen heinean; baina ahaztu gabe estaturik izan gabe zaila dela halakorik lortzea, edo, gutxienez, arriskuak ere badaudela.