argia.eus
INPRIMATU
Erakargarri edo libre?
Eneko Gorri Gantier 2021eko uztailaren 25

Egin dute! EHZ magikoa antolatu dute. 25 urteko gazte belaunaldiak hartu du bere gain, mende laurden betetzen dituen herri festibalaren antolaketa. Ausardia, auzolana eta ilusioari esker, planeta guziak lerrokatu zaizkie. Amesten eta eraikitzen ari giren herri libre baten irudikapena izan dira hiru eguneko festibala eta bi asteko muntaketa/desmuntaketa. Irisarrin bildu da Euskal Herria. Zuzen-zuzenean. Hau ez zen Iparraldea Zuzenean, ezta Grand-Sud-Ouest Zuzenean. Zazpi lurraldeak bildu dituen EHZ izan da. Ipar-Hego-Eki-Mende. Eta goxo zen! Hala ere, aitzineko edizioak ezagutu ditugunon artean, batzuek faltan sumatu dute euskal mundutik kanpoko publikoa.

"Gure aitzinekoek ez zituzten ikastolak sortu gazteak frantses munduaren begietan ‘erakargarri’ izateko; haien buruaren jabe eta libre izateko baizik"

1996an antolatu zen lehen festibala, egoera erabat desberdinean. Garai hartan, egitasmo bateratzaile eta egituratzailea irudikatu zuten, kostalde eta barnealdeko gazteria kohesionatzeko. Jende askorentzat, gure mundura sartzeko atea izan zen EHZ. Eta eskuineko lur frantsestu horietan, badugu oraindik holako tresnen beharra. Azken urteetako garaipentxoek ez digute ahantzarazi behar zein egoeratan gauden. Familia eta ingurune erdalduneko ekintzailea naiz; Miarritzen sortu, Angelun handitu eta Baionan eskolatua. Barneratua dut, beraz, jende berria gure borrokara lotu behar dugula, ezkerretik, internazionalismotik eta feminismotik eraiki nahi badugu gure etorkizuna.

Aldiz estrategia guzia ezin dugu erakargarritasunean oinarritu. Sedukzioak bestearengana urrats bat egitera garamatza; berez, hori sanoa da. Baina gure posizioak asimetrikoak dira. Frangotan, gure diskurtsoa irisgarriago izateko, mozorrotzen hasten gira, deskafeinatzen dugu, parekoaren hizkera, hizkuntza eta onarpen heinera egokituz. Why not?! Baina behar ditugu ere gure baloreak errealitate bihurtzen dituzten espazioak. Autoafirmaziorako, autoestimurako, autoformakuntzarako, saretzeko… Eta urriak dira espazio hauek gaur egun.

Urtez urte, konfiantzan eta arduran transmititu den tresna da EHZ. Sortzaile belaunaldien alaba-semeak dira orain ardura postuetan. Gaurko gazte baten gogo eta beharrak, ez dira duela 20 urteko gazte batenak. Herri ekimenez, jendartea asko aldatu da. EHZ horren lekuko da, eta gazteria horren fruitua. Gure aitzinekoek ez zituzten ikastolak sortu gazteak frantses munduaren begietan ‘erakargarri’ izateko; haien buruaren jabe eta libre izateko baizik. Eta hala izateaz poztu behar genuke. Eta bitartean, berrasmatu beharko ditugu sozializazio eta inklusiorako espazio berriak. Paturik ez da; errealitatea eraldatzeko gaitasuna dugu!