argia.eus
INPRIMATU
Zertan da hezkuntzako 3L proiektua?
Mikel Basabe Kortabarria 2021eko uztailaren 06a

Galdera egiten dut, ez baitakit une honetan zelan dagoen “esperimentazioa” izan behar zuen proiektu hori. 2014an ebaluatu zuten, eta harrezkero, nik dakidala, ezer ez: ez arre, ez iso. Ez orokortu, ez kendu. Emaitzarik ematen du batere?

Ai, barkatu, irakurle! Niretzat hain da ohikoa 3L kontzeptua ze, pentsatu dut badakizula zertaz ari naizen. Begira: ipuinak “bazen behin…” hasten diren bezala, Hezkuntza Hirueledunaren Esparrua modu esperimentalean honelaxe abiarazi zuten: “Bi hizkuntza ofizialen irakaskuntza hezkuntza-sisteman nahiko egonkorturik dagoen honetan…”, 2010ean!

"Arduragabea da 3L esperimentazioa lege berria onartu arte mantentzea, benetan lortzen dituen emaitzei buruzko ikerketa egin barik"

Sozialisten hauteskunde-programan agertzen zen 3L proiektua nahitaez abiarazi behar izan zuten modu esperimentalean; izan ere, bertan planteatzen denak lekurik ez du indarrean dagoen hezkuntza-legean. Horretan, hiru eredu ezartzen dira, A, B eta D, zehaztuz irakaskuntza-hizkuntza gaztelania edo euskara izango direla. 3L proiektuak, ostera, ingelesa ere sartzen du irakaskuntza-hizkuntzen artean, eta ez nolanahi sartu ere: orduen %20 irakatsi behar dira ingelesez. Gaztelaniaz beste hogei, eta euskaraz ere, ehuneko hogei. Falta diren orduak, guztizkoaren %40, ikastetxeak erabakitzen duen hizkuntzan ematen dira. Zeren arabera erabaki? Batek daki. Kontuan izan behar baita ebaluazio diagnostikoetan Hezkuntza Sailak ez duela mintzamena neurtzen. Ezta idatzia ere: ulermena baino ez du neurtzen.

Horri gehitu behar zaio gure sistemako ikasleek ez dutela kanpoko azterketarik egiten euskaraz benetan duten ezagutza erakusteko: B1 onartzen zaie DBH D edo B ereduetan ikasitakoei, eta B2 batxilergokoei. Baita 3L eskola batean ikasi badute ere. Hau da, baita euskaraz irakastorduen %20 besterik izan ez badituzte ere.

Pentsatzen dut Jaurlaritzak hezkuntza-lege berria onartu gurako duela legealdi honetan. Gehiengoa badu, eta ikusi egin beharko da kontzertatuen alde dauden oposizioko taldeek zer erabaki hartzen duten. Baina arduragabea da 3L esperimentazioa lege berria onartu arte mantentzea, benetan lortzen dituen emaitzei buruzko ikerketa egin barik. Ikerketa serioa, ahozkoa ere kontuan hartuko duena.

Arduraz jokatzea litzateke, berriz, lege berriko testurako Jaurlaritzak hezkuntza-eredu bakarra planteatzea, urte bikoen gelatik DBH4ra hartuko duena, zeinean euskara izango den lehenengo urteetako irakaskuntza-hizkuntza eta gainerako biak, gaztelania eta ingelesa, mailakaturik sartuko diren, ikasturteetan aurrera egin ahala.