Donostiako auzoetan sortutako Nuevo Catecismo Católico taldeak 30 urte beteko ditu 2022an. RRV edo Euskal Rock Erradikalaren bigarren olatuaren erdian sortu zen taldea, baina garaian nagusi zen horren guztiaren korrontez kontra, punkari, rockari, beste estilo batzuk berreskuratzeari eta txukun jotzeari ekin zioten. Rockak jatorrian izan duen dibertimendu kutsuari ere egin zieten gorazarre, uste sendoz. Are gehiago, punk-rockaren esentziara jo nahi izan zuten eta Euskal Herriko herrietara ekarri; baita lortu ere.
Kanta borobilak idatzi zituzten, zehaztasun txikiena ere zaindutako zuzenekoak egin izan dituzte beti. Inongo managerrik edo aita pontekorik gabe bide zabala egin dute, beti beraien tamainan, profesionalizatu gabe, eta publikoari guztia emanez.
Diskografia dotorea du taldeak, asko dira punk-rockaren inguruan landutako eresiak: 77ko kutsu handia dutenak, power-pop eroagoak, ilunagoak, basatiagoak… Baina izan dira etenaldi luzeak egin dituzten urteak eta azken urteotan berriro ere zuzenekoak ematen badabiltza ere, ez dute hamarkada eta erdian lan luzerik grabatu, ezta kaleratu ere. 2006koa da azken lan luzea: 1.530 segundos de… Gerora Antología 1992-2017 bilduma eta hainbat EP kaleratu dituzte.
Orain, urteurren borobilaren bezperatan, hiru EP aterako dituzte jarraian, aspaldi grabatutako hainbat kanta eta bertsio Haritz Harreguyren laguntzaz txukunduta. Jadanik kalean daude Queremos la verdad eta Quarantine blues lanak. Aurki hirugarren EP bat argitaratuko dute. Queremos la verdad-ek dauka donostiarrek betidanik zaindu duten 77ko legatu preziatua. Killin’ the city da Herbehereetako antzinako Flying Spiderz-en punk-rock eresia. Aldiz, Quarantine blues-ek NCCren ezaugarri guztiak ditu: melodia barra-barra, Arturoren gitarra riff errepikaezinak, rock-and-roll esentzia eta lelo itsaskorrak. Bullet Proof Lovers-eko Kurt Baker-ek laguntzen du Gonzalo ahotsetan. Borobila da! Rock a la radio da Frantziako Bijou taldearen abestiaren bertsioa, benetako pub-rock eta rock-and-rolla. Ea labetik ateratzear dagoen hirugarren EParekin zer sorpresa eskaintzen diguten!