argia.eus
INPRIMATU
Jean-Paul Duhalde (ELBko kidea): "Finkatu koadroak ez du orain artekoa biziki aldatuko"
Jenofa Berhokoirigoin @Jenofa_B 0000ko ren 00a

NPBaren erreforma honi buruzko ELBren irakurketa zein da?

Adostasun honekin koadroa markatu dute eta orain estatuei dagokie norabidea zehaztea. Maleruski, finkatu koadroak ez du orain artekoa biziki aldatuko. Egundaino erran duguna da ez dela bidezko diru banaketarik: bakar batzuengana doa dirulaguntzen alimaleko zama. Frantzian adibidez laguntzen %80a laborarien %20ak du errezibitzen. Ongi izanen zen Europak koadro justuago bat eman balu, dirulaguntzak hobeki banatuz, baina ez da halakorik gertatu. NPBak hiru ardatzetan beharko zuen hobetu: sozialki, laborantza biziarazten eta laborantzaz bizi direnak gehiago eta hobeki kontutan hartu; ekonomikoki, bestelako eredu bat garatu; eta bistan da, ingurumenari dagokionez ekologikoagoa bihurtu. Hiru ardatz horietan ez da aldaketarik sendi, kasik erran daiteke orain artekoaren jarraipena dela.

Bakar horiek handienak izanki.

Zenbat eta lur eta kabala gehiago ukan, orduan eta laguntza gehiago duzu. Hori horrela, NPB “berdeagorik” ez da posible. Laguntzak beste gisaz banatuak balira, anitz gauza egiten ahal lirateke! Europan, laborantza saila biziki sostengatua da, baina maleruski arrunt gaizki lagundua da. Horregatik ditugu gaur bizi ditugun kalte guztiak. Baina ez dezagun gorde: hau nahikeria politiko bat da.

Lobbyak ere hor direlako.

Bistan da. NPBaren lehen irabazlea agroindustria dela onarturik dute aspaldian begirale anitzek.

Orduan orain estatuka jokatuko da afera.

Laborantza Ministerioan presioa eginen dugu, lehenik eta behin etxalde ttipientzat laguntza hobeak lortzeko. “Ingurumenarentzat balio handiko” ziurtagiria ere hor da. Izen biziki ederra du, hori bai, baina maleruski edozer gauza sar dezakete barnean. Izuarazten gaitu, biziki kaltegarria izan daitekeelako eredu biologikoan dabiltzan laborarientzat, baina orokorkiago ingurumenarentzat eta jendarte osoarentzat.