Futbolaz esango nuke ez dudala sekula zutabeotan hitz egin –izango da oraindik noizbait futbolari buruzko zutabe bat emango didaten esperantza daukadalako–. Eta badakit zutabe hau futbol hitzarekin hasi izanak nire irakurle gutxietako gehienak galtzea ekarriko didala, hain imajinatzen zaituztet kultureta. Baina, geratzen zareten irakurle gutxi-gutxiok, otoi, utzidazue gaur futbolaz hitz egiten. Futbolaz edo.
Notizia baita Emerytarrek Irungo Real Union futbol taldea hartu dutela, tartean Unai entrenatzaile entzutetsuak, noski, baina baita Igor anaia txikiak ere. Izan ere, Igor Emery izango da hemendik aurrera Real Union taldearen lehendakaria. Hain zuzen, eta besteak beste, elkarrekin jokatu genuen futbol taldearena. Elkarrekin jokatu baikenuen biok denbora batez bertan. Eta begira non bukatu duen batak, eta non ni naizen besteak. Kontua da gustatu zaidala lehendakari berriak ibili duen diskurtsoa: “Real Union izan zenak ematen dio zentzua oraingo Real Unioni, handitasuna berreskuratu nahi dugu”. Eta ez dakit handitasunaz ari denean XX. mende hasieran Espainiako lau kopa irabazi zituen taldearenaz ari den, edo berak eta nik jokatutako harenaz. Familia izaera eman nahi diote gainera taldeari, Emerytarren familiak hasieretatik parte hartu baitu bere ibilbidean. Espero dut ni ere sartzea familia horretan. Haien etxean Super Mario Brosera jolasten pasa nituen ordu guztiek konbalidatuko dute hainbeste.
Baina horiek baino puskaz gehiago hunkitu nau taldeari eman nahi dioten dimentsioak. Irun, noski, Hondarribia, Hendaia, baina Bera eta Lesaka ere bai, are: “Baionara iristea dugu buruan”. Real Union izango da gaur egunean gehien ordezkatzen nauen proiektu politikoa. Eta ez ote den goiztxo, lehen ehun egunak ere ez dituzte pasa Emerytarrek, baina izenarena errebisatu beharko litzateke noizbait, Real monarkiko hori, eta Union bera. Badut gainera gure arbaso erromatarrak ohoratzeko proposamena: Oiasso Futbol Elkartea.