Italia, 1541. Pietro Andrea Mattioli mediku eta botanikariak lehenengoz aipatu zuen europar literaturan Solanum lycopersicum espezieko landarea eta bere fruitua, tomatea.
Italiara berenjena berri bat iritsi zela zioen, gorria edo urre kolorekoa zena, gatza, piperra eta olioa botata jan zitekeena. Pomo d’oro (egun, pomodoro) edo “urrezko sagarra” esan zioten italiarrek, baina Europako hizkuntza gehienetan landare horri aztekek eman zioten izena hartu zuten oinarri: nahuatl hizkuntzan tomatl esaten zioten eta hortik dator tomate hitza.
Lehen aipamen horretan Mattiolik tomatea jangarria zela iradoki arren, luzaroan, Europako toki gehienetan soilik ornamentaziorako landu zuten espeziea, pozoitsua omen zelako. John Gerard botanikari britainiarrak, esaterako, toxikoa zela idatzi zuen 1597an. Eta egia da Europan hainbat pertsona pozoitu zirela tomatea janda, gehienak nobleziako kideak, eta bateren bat ere hil egin zela ondorioz. Baina orduan ez zekiten zergatik, edo nolatan aztekak ez ziren pozoitzen, eta pozoiak zergatik eragiten zien bereziki aristokratei.
Esaterako, XVII. mendearen amaieran, Napolesen pizzaioloak ordura arteko pizza zuriei tomatea eransten hasi zirenean, kontsumitzaileak ez ziren intoxikatzen, tomatea opil lauaren gainean jartzen zelako, hau da, ez zelako zuzenean plater gainean kontsumitzen. Kontua da garai hartan herritar aberatsenek peltrezko platerak eta mahai tresnak erabili ohi zituztela otorduetan. Peltrea hainbat metalen aleazioa da, besteak beste, beruna. Tomatearen azidoen eraginez, platerek eta tresnek beruna askatzen zuten, eta horixe zen jankideak pozoitzen zituena, ez tomatea bera. XVIII. mendea amaitu baino lehen, toxikotasunaren eztabaida argituta, Encyclopaedia Britannicak jaso zuen tomatea “egunero kontsumitzeko” produktua zela.
Mende bat geroago, ordea, tomatearen kontsumoa gorantz ari zela, AEBetako inportatzaile batek beste eztabaida bat jarri zuen mahai gainean. Barazkien gaineko zerga altuak saihesteko asmoz, inportazio agirietan adierazi zuen tomatea fruta zela. Azkenean, zergak ordaindu behar izan zituen, AEBetako Auzitegi Gorenak tomatea barazkia zela epaitu zuelako. Baina egun auziak ez du oraindik erantzun garbirik: hizkera arruntean frutatzat jotzen da maiz; biologikoki fruitua da eta, zehazki, botanikan, baia bat da; historikoki baratzeko produktua da, barazkia, ortuaria; eta legalki ere barazkia edo berdura da leku gehienetan, XIX. mendean epaile estatubatuarrek erabaki bezala.