Norvegian, Trondheim Unibertsitateko ikertzaileek zortzi oihalen arrastoak topatu dituzte X. mendeko emakume bikingo baten hilobian: sei artilezkoak dira eta beste biak, lihozkoak.
Oso gutxitan aurkitu dira hainbeste zati eta hain anitzak, eta emakumea ziurrenik eliteko kidea zela jakiteaz gain, beste ondorio batzuk atera nahi dituzte adituek: bikingoen jantziak uste baino konplexuagoak –brodatu bat aurkitu dute– eta koloretsuagoak zirela –pigmentuak ere aztertzen ari dira–; oihalgintza jarduera garrantzitsua zela –itsasontzi bikingo baten oihalak egiteko 2.000 ardiren ilea behar zen, eta familia baten jantziak egiteko, pertsona baten urte osoko lana–.
Gainera, oihal horiek bertan eginak edo inportatuak ziren aztertuko dute, eta horrek merkataritza harremanei buruzko informazioa ere emango du.