argia.eus
INPRIMATU
Gurdia
Amancay GaztaƱaga @lagatadepandora 2021eko ekainaren 30

– Hiru aste daramatzat egun bat bera ere deskantsatu gabe –Esan dit anaiak–.

Larunbat arratsaldea da, bere estudioan grabaketa batzuk egiten gabiltza. Neuk ere hilabete honetan egun bakar bat libratu izanaren karga sumatzen dut gorputzean. Maite dugu gure lana, apasionatzen gaitu.

Lokalera bidean emakume batek esan dit:

–Zeinen ondo bizi zareten e! Lasai, buruhausterik gabe!

Entsegu batera gindoazen gu, barrez, lan egun baten ostean, ordainduko ez zizkiguten beste hiru orduz geure buruak trebatzera.

"Gurdi hau kargatzeaz nekatuta nago. Kulturgileok babestuko gaituen politika erreal baten beharra dago. Ez bihar, gaur"

Maite dugu gure lana, apasionatzen gaitu.

– Zenbat gauza egiten dituzun, saltsa guztietan zaude!

Bai eta ez. Ez dira saltsak, nire ogibidea da. Gauza ezberdinak egiten ditut edo egin behar izaten ditut hipoteka ordaindu ahal izateko.

Maite dugu gure lana, apasionatzen gaitu.

– Zuek beti oporretan!

Esan dit beste batek sare sozialetan, lau egun Erikarekin Tafallan gure film laburra idazten pasa dugula ikusi duenean.

Maite dugu gure lana, apasionatzen gaitu.

Estresatuta nagoenaren kontzientzia, amets batekin iritsi zait.

Festa zoragarri batean nengoen, jendea ongi pasatzen, ni lasai kopa bat eskuan. Bat-batean nire aurrean ia horma guztia betetzen zuen leihate bat agertu da: zeinen ederra beste aldean agertzen den basoa. Eseri egin naiz sofa eroso batean eta orduan agertu da bera, Regé Jean Page. Bai badakit… bat ezin da perfektua izan eta niri ere fikzioak imajinarioa pozoitu dit. Hortxe zegoen bera pozoi horren enbaxadore: gizon heteronormatibo eta enpotradorea. Bale, pentsatu dut, gaur behintzat ametsetan ongi pasatuko dut. Bere besoak inguratu nau eta orduan… Orduan ni, hurrengo egunean egin behar nuen guztia kontatu diot Regéri. Diru-laguntza eskatzeko paperak prestatu, gauza baten bila joan autoz, idatzia errepasatu, arratsaldeko entsegua, gauen bilera online eta denbora ematen bazidan esku artean ditugun bi proiektuei begiratua eman. Eta berak orduan… Nekatuta sentitzen zela esan dit. Ez gaizki ulertzeko, maite zuela bere lana, apasionatzen zuela bere lanak baina gizartea ez zegoela prestatuta kulturgileei espazio erreal bat egiteko. Ez zegoela kulturara dedikatzen garenok babestuko gaituen politika bat. Eta esnatu egin naiz.

Ez gaizki ulertu, maite dut nire lana, apasionatzen nau. Baina gurdi hau kargatzeaz nekatuta nago. Kulturgileok babestuko gaituen politika erreal baten beharra dago. Ez bihar, gaur. Gu ere langile garelako, nahiz eta gure lanak apasionatzen gaituen.