Dena telefonoz hasten da, eta telefonoz amaitzen; onenean. Zure lehen deiaren ondoren, erizainak deituko dizula esango dizute. Tira, zuk medikuarekin hitzordua hartzeko deitu duzu, baina ea. Azkarregi da haserretzeko, eta gaixorik zaude (edo dago, adibidez, zure haurtxoa). Erizainak esango dizu koronabirus-proba, parazetamol, ez atera etxetik. Eta medikua? Ezateraetxetik erremedioak ez du errezeta beharrik, beraz, zuk edo haurraren arnasestuak medikurik ere ez. Bestela, auskultatu, plakak, han eta hemen ukitu, estutu... lehengo medikuen erritualei nolabaiteko konfiantza bazenien, nork daki zergatik, bada, colaboraciónpublicoprivada. Zuri, espazio zabal eta aireztatuetan bizi direnengana irits daitekeen kate bat has dezakezun kutsatze-bektore horri, medikuak bihar deituko omen dizu: baina berriro erizainak egiten du (beste koronabirus-proba bat, ez azkena). Eta, aizue, egia da, sukarrak kiskaltzen egon zaren guztietan, bizirik atera zara.
Baina zure auskalo zenbatgarren deian erizainari edo idazkariei oihuka amaituko duzu, ostu egin dizutelako lehen arreta, muturren aurrean, egun argiz. Eta horrek hil egiten du. Lineaz bestaldean, mutu entzungo dizu langile susmagarriak etxean eusteko telefono-agentzia bateko telefonista bihurtu duten langileak. Horretarako dago, zure haserrea hortxe, behe-behean, langiletik langilera deskarga dezazun. Telefonoz.