argia.eus
INPRIMATU
Hauteskundeak Ipar Euskal Herrian
Akitania Berrian, Rousset sozialista indartsu bigarren itzuliari begira
Jenofa Berhokoirigoin @Jenofa_B 2021eko ekainaren 22a

Alain Rousset Akitania Berria eskualdeko Kontseiluko presidentea nagusitu da lehen itzulian, botoen %28,84 bildurik. Alderdi Sozialistako hautagaia da eta 1998az geroztik du eskualdeko presidentearen aulkia atxikitzen. Eskualde mailako hamabi departamenduetan lortu du lehen kokatzen.

2015ean bezala, aldi honetan ere eskuin muturra ukanen du parean, azken hau bigarren ateraturik ekainaren 20ko hauteskundeetan. Rassemblement National alderdiko Edwige Diazek %18,21 eginik, bigarren itzulira pasatzea lortu du (nahiz eta zundaketek aurkakoa aurreikusi, 2015ean baino emaitza txarragoak egin ditu eskuin muturrak Akitania Berrian).

Bigarren itzulira aurkezteko aukera dute %10eko langa gainditzen dutenek. Hori horrela, Martxan-Modem koalizioa (%13,71), eskuineko Errepublikanoak alderdia (%12,46) eta Europe Ecologie hautagai ekologista (%12,08) gelditu daitezke lehian.

Beste behin ere, Roussetek bidea nahiko erraza dauka, ikusirik eskuineko hautagaiek zailtasunak dituztela elkartzeko. Alderdi Sozialista eta Europe Ecologie negoziaketetan dabiltza, aurrekoan bezala gehiengoa osatzeko helburuarekin.

Parte-hartze biziki apala izan da (%35,91) eta bigarren itzulirako ere abstentzio handia aurreikusia da.

Ipar Euskal Herrian ezkerra nagusi

Alderdi Sozialista atera da lehen Ipar Euskal Herrian, botoen %25 inguru bilduz eta bigarren kokatu dira ekologistak (%15 inguru). Beste aldean, eskualde mailan baino emaitza txarragoak bildu ditu eskuin muturrak Pirinio Atlantikoetako departamenduan: Alain Roussetek bozen %29,75 eta Edwige Diazek %13,50. Parte-hartzea ere pixka bat altuagoa izan da Pirinio Atlantikoetan: %38,59.

Abertzaleek ez dute hautagairik aurkeztu aurten, ez eta ere sostengurik adierazi.