argia.eus
INPRIMATU
Aina Vidal. Diputatua Espainiako Kongresuan
“Emakumeok pairatu dugun isiltasunaren adibide argia da Kongresua”
  • Espainiako Kongresuan En Comú Podem-eko diputatua da Aina Vidal (Bartzelona, Herrialde Katalanak, 1985). Sindikalismoan ibilbide esanguratsua eginda 2015ean egin zuen Madrilerako jauzia, Xavier Domenechen zerrendakide izanik. Langileen eskubideen babesean duen eskarmentuak Toledoko Itunean Unidas Podemos talde parlamentarioaren bozeramaile izatera eraman zuen.

Saioa Baleztena @Saioabaleztena 2021eko ekainaren 24a
Irudian, Vidal minbizia zuela jakinarazi ostean, Sanchezen inbestidura saioan.
Irudian, Vidal minbizia zuela jakinarazi ostean, Sanchezen inbestidura saioan. "Pentsatzen nuen osasuna zuria edo beltza zela, gaixoa edo osasuntsua izan behar nintzela. Gero jakin dut bizitza ere grisetan dagoela". (Argazkia: Dani Gago)

Pedro Sánchezen inbestidura egunean jakinarazi zenuen minbizia zenuela. Nola bizitu zenuen egun hura?
Eroa izan zen. Flashak gogoratzen ditut. Indarra eta zoriontasuna irudikatzen saiatzen nintzen, zeharka aurpegi guztiak gogoratzen saiatzen nintzen bitartean, uste nuelako ez nintzela berriz itzuliko. Jende anitzek besarkatzen ninduen dena ongi joango zela esanez. Eta horrek harritzen ninduen, inork ez zekielako zer nuen. Tira, uste dut ez nuela hainbertze babes merezi, baina, era berean, uste dut nire botoa egun hartan garrantzitsua izan zela jende anitzentzat. Nire osasunarengatik arduratuta zeudelako, noski, baina baita gure baietza bizitza erdigunean jarriko zuen gobernu ezkertiarraren alde zelako ere.

Zer moduz zaude orain?
Askoz hobeto. Mediku talde bikainari esker ebakuntzara iristea lortu genuen eta arrakastatsua izan zen. Une hartara arte pentsatzen nuen osasuna zuria edo beltza zela, gaixoa edo osasuntsua izan behar nintzela. Gero jakin dut, gainontzeko guztia bezala, bizitza ere grisetan dagoela. Gaixotasuna kronifikatzea lortu dute, hasieran kolpe gogorra izan zen, nik sendatu nahi nuelako. Baina gaurko ezagutzekin honaino irits gaitezke, eta ezin naiz kexatu. Ongi sentitzen naiz. Ez dut lehenagoko kontzentrazio gaitasun bera, nekatzen naiz eta errekuperazio denbora askoz luzeagoa da. 30 urtetik gorako bestondoekin pasatzen dena gertatzen zait, gogorrak dira, baina ez besta egiteari uzteko adina.

Pandemiak agerian utzi du zuk hainbertzetan aldarrikatu duzun osasun publikoaren balioa, ezta?
Erabat. Pribatuak ez baitu ez bokaziorik ezta gaitasunik ere. Osasun publikoa gizartearen altxor handienetakoa da eta, zoritxarrez, ez dugu bere balioa ikusten gaindituta gauden arte. Horregatik espero dut pandemiaren memoria ez ezabatzea sekula, eta gobernu batek osasun publikoaren baliabideak gutxitzeko tentaziorik sekula ez izatea. Kontrakoa, gehiago espero dut: edozein gobernuk falta diren profesionalak eta baliabideak gehitzea. Inbertsio handia behar da, osasunean, zientzian eta ikerketan.

Argazkia: Dani Bartolomé

Osasun publikoaren saturazioa, hein batean, 2008ko murrizketen ondorioa da. Orain Unidas Podemos gobernuan dagoela, zer deritzozu egin den kudeaketari?
Azken aurrekontu orokorretan %75 igo da osasun publikoan egindako inbertsioa eta %60 ikerketan egindakoa. Nabarmenki azken hamarkadan pairatu dugun austerizidioa atzean utzi da, inbertsioa publikorantz bideratuz. Baina hori ez da nahikoa. Aurrerapauso bat eman beharra dago osasun publikoagoa eta integralagoa sustatzeko: osasun mentala, dentista eta errehabilitazioa bermatuta egon daitezen eta edonork sarbidea izan dezan.

Kongresura itzuli zinen VOXen zentsura mozioaren porrotaren egunean. “Gure beldurretan guk agintzen dugu” esan zenuen.
Beldur handia pasa dut azken urte honetan. Minak, heriotzak eta maite dudan jendea berriz ez ikusteak beldurtu nau. Eta garrantzitsua da beldurrarekin elkarbizitzen ikastea. Sentimendu txar gisa bizi dugu, eta ez da horrela. Beldurrak erne egotea ahalbidetzen du, arriskuen kontzientzia izaten. Psikologiak lagundu dit bide horretan. Eta gure beldurretan guk agintzen dugula ikusi dut. Eskuin muturrak erabaki zuen hatza jendearen zaurian mugitzea, bere alde erabili zuen gizarteak bizitu duen unerik zailenetako bat.

Zure hitzaldia bereziki txalotua izan zen, hemizikloan lehen aldiz salatu zenuelako indarkeria obstetrikoa.
Indarkeria obstetrikoa ageriko sekretua zen eta pandemian areagotu egin da. Lagun asko ikusi ditut gradu desberdinetan pairatzen eta onargarria izango litzatekeena baino askoz okerrago pasatzen. Prozesu osoa bakarrik igaro dute, informazio gutxiagorekin, eta euren nahi guztiak urratuta. Zergatik da erditzea trauma bat hainbertze jenderentzat? Emakume anitzek tortura ikaragarria pairatzen dute. Ikaragarria da.

Nola da posible orain arte indarkeria obstetrikoaz sekula ez solastatu izana Espainiako Kongresuan?
Ezin dut ulertu. Seguruenik, “emakumeen kontuak” direlako. Patriarkatuak behar duen kontakizuna da gu isilarazteko. Erditzea kuestionatzea ausarta da eta deseraikitzen du bizitza osoan ikasi duguna: erditzea medikuen kontua dela. Emakumeok pairatu dugun isiltasunaren adibide argia da Kongresua. Uste dut gehiago hitz egin behar dugula.

Indarkeria obstetrikoaren inguruko datuak asaldagarriak dira. Zein uste duzu izan beharko litzatekeela alderdi ezkertiarren eta, zehazki, Espainiako Gobernuaren papera gai honen inguruan?
Nazio Batuen Erakundeak berak adierazi du indarkeria obstetrikoa gertatzen dela eta desagerrarazi beharra dagoela. Indarkeria ikusezina da, isila eta gizartean onartzen ez dena, ospitaleen protokoloen atzean ezkutatzen dena. Nazioarteko eragileen onarpena ezinbestekoa zen emakumeen esperientziak balioztatzeko eta praktika osasuntsuagoen alde egiteko. Profesionalentzat zaila da, indarkeria obstetrikoaz hitz egiteak emakumeen kontrako indarkeria sistemiko eta estrukturala dagoela onartzea baitakar. Gogorra da hori, baina zaila izan edo ez errealitatea da eta, beraz, ezinbestekoa da osasun zentroetan kalitate kontrolak aplikatzea.

Minbizia bidelagun
“Azken urte honetan konfinamendu bikoitza bizitu dut: minbizia fase aurreratuan eta pandemia une berean. Eta zer gehiago? Nire jendea sekula baino hurbilago izateko beharra nuenean ezinezkoa izan zait. Denbora nire kontra nuen, eta estimatzen nituenak berriro ez ikusteak beldurtzen ninduen. Bertzalde, pandemiak lagundu dit egoera erlatibizatzen: nik bakarrik ez, jende anitzek pasa du gaizki, familia anitzek ezin izan dute elkar agurtu, heriotza anitz egon da… Hein batean, beldurrean eta minean lagundua sentitu naiz”.