(Fikzioa omen da komunikazioa, norberaren interpretazioa ez bezala. Fikzioa omen da egia, gezurra ez bezala. Fikzioa omen da errealitatea, fikzioa bera ez bezala. A. Alieva)
Gero eta jasangaitzago gertatzen zaizu (parentesi arteko) “haiek” herbal maiztu hori entzutea, ikustea. Hala egiten dizute solas kamiseta eta grafiti aunitzek, bai eta inguruan isiltzen ez diren aho ugarik ere, diskurtso kritiko eta beraz ezberdin baten ustean: “engainatuak gaituzte” eta “dugun pizarra kendu nahi digute” gaur goizeko bi adibide natural izan dira.
"Argi dago munduari kalte egiten dion denaren erantzule eta errudun (haiek) direla, eta (haietaz) ari garenean ez dugu zehaztu behar nortaz ari garen"
Fikzioaren gramatikaren ikuspegitik, bistan denez, ezin errazagoa da (haiek) erabiltzea. Argi dago munduari kalte egiten dion denaren erantzule eta errudun (haiek) direla, eta (haietaz) ari garenean ez dugu zehaztu behar nortaz ari garen, gauza aski jakina delako. Halaber, abantaila argiak dakartza, gainerako solaskideekiko konplizitatean, (haiek) baliatzeak; izan ere, (haiek) beti da urruti. Lauso. Eta, bereziki, eroso.
Alabaina, posible ote da lehen pertsona hirugarren pertsona bihurtzea, singularretik pluralera aldatzearekin batean? Eta, hala izatera, nor dira (haiek) gutaz ari direnean?