Askotan esan izan da gazteak direla musikaren oraina eta etorkizuna; gazteei lekua egin behar zaiela haiek dituzten kezka eta musika estiloak adierazteko. Baina, era berean, onartu beharra dago zoritxarrez ez dagoela horrenbesteko ‘itxaron zerrendarik’ eta edozeinek –adinaz harago– daukala eskubidea barruan daukana ateratzeko.
Azken hamarkadetan argi ikusi da Oñatin punkak presentzia handia izan duela. Horren erakusle argia da Oñatiko rockaren historia ederki errepasatuta Iñigo Biain Berraondok idatzitako Alanbre-hotsa eta jazbana. Oñatiko rockaren historia txikia liburua.
Hori esanda, herrian punk giroan aritu izanagatik eskarmentua daukan boskote batek talde berria sortu du: Larru Beltzak. Underground giroan zeresana emandako taldeetan aritutakoak dira bostak; hala nola, Sospechosos, Golpe de Estado, Papalagi, Antihumano, CC627 eta beste batzuetan. Eta oraingoan ere, ez genuen kontrakoa espero, punka da esku artean dakarten proposamenaren oinarria, baina baditu ñabardura asko. Naiarak oso modu garbian abesten du, eta estreinako disko honetarako idatzitako hitz esanguratsuak merezi beste nabarmentzen dira. Melodia itsaskorrak landu dituzte, ‘gutxiago gehiago da’ leloari jarraituta ihes egin diote punkaren garraztasunari eta gitarren gehiegizko presentziari. Iraganeko soinua landu dute.
Dena lehertu baino lehen hasiera ederra da: antzinako soinua daukan punk melodikoa, sarkorra. Bidejokoetan hardcore melodikoa eta punk-rock gitarreroa ezkontzen dituen pieza borobila. Nork epaituko du epailea? Altsasuko gazteen aldeko eta mendekuaren kontrako deiadar oso-oso melodikoa. Bizitzaren gidoia The Boys-en arrasto handia daukan punk sarkorra. Zertarako? punk-rock-and-rolleroa. Hortik aurrera diskoan kantei amorrua eta indarra gehitzen zaie: Erretzen nau azkarragoa da, ukitu ilun eta erritmo zein armonia jostariak ditu. Ehortzi nahi nauzue-k denetatik dauka: rock urbanoaren zantzuak, 77ko punkaren leloak… Bukatzeko, Bidai luze bat ia-ia Commando 9mm-ri gorazarrea da; melodia borobila badu ere, punkaren ostia txarrena dauka.