Ponpeia (Italia), 1925. Arkeologoek, beste hainbat objekturen artean, inskripzio berezi bat aurkitu zuten aztarnategi ezagunean. Latinezko bost hitzez osatutako multipalindromoa da, eta Sator Karratua deritzo.
Ponpeiakoa da orain arte aurkitutako alerik zaharrena (Vesubiok K.o. 79an egin zuen eztanda, eta beraz, idazkuna hori baino zaharragoa da), baina ez bakarra; Erromatar Inperio garaiko eta Erdi Aroko Sator Karratu mordoa aurkitu dituzte orain arte Europako hainbat tokitan, hormetan edo zutabeetan zizelkatuta edota dokumentuetan jasota, eta gehienak, elizetan edo inguruetan.
Sator (erein), arepo (esanahi ezezaguna; zenbaiten ustez, egiptoar jatorriko izen propioa), tenet (eutsi), opera (lana, zaintza) eta rotas (biratu) dira bost hitzak, ezkerrerik eskuinera, eskuinetik ezkerrera, goitik behera eta behetik gora irakur daitezkeenak.
Bost hitzok osatzen duten esaldia honela itzuli ohi da: “Arepo ereileak gurpilak trebeziaz gidatzen ditu”. Esaldiak zentzu handirik ez duenez, asko saiatu dira karratuak ezkutatzen omen duen esanahi misteriotsua topatzen. Besteak beste, teoria esoterikoak, kabalistikoak... sortu dira, baina teoria zabalduena kristautasunarekin lotzen duena da. Esaterako, hitzak beste modu batera moztuta esaldi hau osatzen dela diote: “Sat orare poten et opera rotas” edo “Egunero otoitz eta lan egiteko nahikoa botere”.
Interpretazioak muturrerago eramanez, letren ordena aldatuta, bi paternoster-ek osatutako gurutzea lor daiteke; baina interpretazio horrek akats bat dauka: bina “a” eta “o” sobera daudela. Baina hori ere beren alde baliatu dute jatorri kristauaren defendatzaile batzuek: “a” eta “o” letrak alfa eta omega dira alfabeto grekoan eta, beraz, bi aitagureak inguratzen, biltzen dituzten hasiera eta amaiera adierazten omen dute.
Beraz, letrak nahi ditugun ordenan jartzen baditugu eta komeni ez zaizkigunak kendu, azkenean, Sator Karratuak guk nahi duguna esatea lortuko dugu. Hala, konbinazioak eta ondorioak ia infinituak izan daitezke, eta geroz eta zailagoa izango da inskripzioak gordetzen omen duen misterioa argitzea. Edo, beharbada, ez dago inolako misteriorik eta Sator Karratuak garbi esaten duena zera da: gizakioi betidanik gustatu zaigula hitzekin jolastea.